hobetzekoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
hobetzekoak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko abenduaren 14(a), osteguna

"Euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea gezurra da"

euskaljakintza.com
Lankide bat etorri zait gaurkoan, laguntza eske. Esaldi bat zuen esku artean, eta hobetu nahi zuen, indar handiagoa emateko. Erabilitako hitzei erreparatzea nahi zuen berak, baina niri arreta bertze norabaitera joan zait hasierako kolpean.

Honatx jatorrizko esaldia:

"Urte luzetan maitasuna elkarbanatuz bizitzen eta ataka gogorrei tinko aurre egiten ikasi dugu".

Eta, tira, ez da sobera esaldi luzea, 13 hitzekoa bakarrik. Baina lehenbiziko entzunaldian niri belarriak eskatu dit aditza aitzinera pasatzea, aurrera. Eta horrela uztea esaldia:

"Urle luzetan ikasi dugu maitasuna elkarbanatuz bizitzen eta ataka gogorrei tinko aurre egiten".

Iruditzen baitzait aditza aurreratuta hobeki ulertzen dela esaldia, berriz entzun behar izan gabe. Baina lankideari laster atera zaio protestatxoa: "Baina euskaraz aditza beti bukaeran doa". Eta nire erantzuna izan da hori mito bat baino ez dela. Baina datu gehiago ezin izan ditut eman.

Zorionez, interneten bilaketa arin bat eginda aurkitu dut Bittor Hidalgo ikerlariak eginiko azterketa bat. Hidalgok aditzaren ordena aztertu zuen makina bat testutan, testu klasikoak zein gure garaikoak. Bada, bere azterketako estatistiken arabera "euskaraz aditza esaldi amaieran ematen da kasuen %28an". Ehuneko altua da hori gaztelaniarekin, frantsesarekin edo ingelesarekin alderatuta. Baina ez da %30era ere ailegatzen. Beraz, argi dago aditza ez dela beti bukaeran egoten. Eta are gutxiago, ez du zertan egon. Aditza normalean erdian agertzen zaigu, kasuen %55ean.

Hidalgori elkarrizketa egin zioten Argian, ikerketaren harira, eta honako honekin laburbildu zuten kontua:


"Euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea gezurra da"

Edo nahiago baduzue:

"Gezurra da euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea"

2017(e)ko azaroaren 16(a), osteguna

Katalunia gaixoa

Espainiak Kataluniako Gobernua beretzat hartu zuelarik, hara joandako paraxutistek agindu zuten barne komunikazioak gaztelaniaz egiteko. Eta norbaitek bota zuen txistea: inoiz Eusko Jaurlaritza edo Nafarroako Gobernua menpean hartuko balituzte, ez lukete zertan halakorik agindu, bi erakunde horiek gaztelaniaz egiten baitute lan, goitik behera eta ezker-eskuin.

Bertze gauza anitzetan bezala, hizkuntza kontuetan, hamazazpi koxka gorago baitaude kataluniarrak.

Hasteko, guk ez dugu ideirik ere nola idatzi behar dugun Katalunia euskarazko testuetan. Nik sei aldaera ezberdin aurkitu ditut, sei:

- Katalunia
- Catalunya
- Katalunya
- Cataluña
- Catalunia
- Kataluinia

Kataluniako herritarren izena idazteko ere, komeriak.
- Katalanak
- Kataluniarrak
- Katalandarrak

Eta hizkuntzaren izenarekin, bertze hainbertze:
- Katalana
- Catalana
- Kataluniera

Horrela ez dago modurik, aizue! Batasun pixka bat, faborez. Katalanekiko begirunez, baina batez ere, euskararekiko begirunez.

Denok batera egiten badugu, gaizki? Ez, ezta? Beraz, euskarazko testuetan, herriaren izena Katalunia izan beharko litzateke; herritarrak, katalanak; eta hizkuntza, katalana. Ados?

2017(e)ko maiatzaren 29(a), astelehena

Hain *guapa zaude!


Salbuespenak salbuespen, euskarazko hitzek ez dute genero gramatikala; hortaz, hitzak ez dira maskulinoak edo femeninoak. Nik uste euskaldun guztiok argi dugula kontu hau. Hala ere, gaztelaniaren eraginez, behin eta berriz zartatu egiten dugu euskararen ezaugarri polit hori.

Eta tira, agian kontu honek ez du garrantzi handirik, baina iruditzen zait gure hizkuntza pixka bat itsusten duela. Atzo, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko kantariak artikulu luze bat idatzi zuen Facebookeko bere orrialdean. Oso-oso barnetik idatzitako artikulua izan zen, Hidalgok aspalditik dituen zintzurreko arazoen berri eman baitzuen. Nik gustura irakurri nuen. Baina sufritu ere sufritu egin nuen, "afonika" gelditzen zela idazten zuen bakoitzean.

Euskaraz, erlats, ahotsik gabe, gelditzen diren gizon zein emakumeak "afoniko" gelditzen baitira. Euskaraz ez du zentzurik emakumeei -A hizkia eta gizonei -O hizkia esleitzeak. Mutila pertxenta izan daitekeen modu berean izaten ahal baita neska potoloa.

Baina erran bezala, joera tonto hori badago, eta behar ez ditugun gaztelaniazko hitzak hartu ez ezik, haien genero gramatikal bikoiztua ere hartzen dute batzuek. Joera horretan txapelduna "guapa-guapo" bikotea da. Euskal hiztunei oso gogorra egiten zaie, antza, neska bati euskaraz "guapo" erratea. Eta, bai, belarrietan gogor jotzen du. Baina halako minik hartu nahi ez badugu, zergatik ez erabili "eder"? Edo "polit"? Edo "lirain"? Edo "panpox"? Edo "apain"? Edo "lerden"?...

2017(e)ko apirilaren 23(a), igandea

Bai, horixe!

30 urte baino gehiago duzuenok gogoratuko duzue telebistako sintonia hau:



Bai, horixe! Duela 30 urte inguruko telebista saioa, helburu pedagogiko bat zuena: euskara irakastea. Halaxe deskribatzen dute Youtuben atal guztiak eskuragai jarri dituztenek: "Zaharkitu samarra, pezetak, auto zaharrak, KRISTO GUZTIA ERRETZEN, VHS zintak, moda xelebre hori eta aldatu den arau linguistikoren bat (oso gutxi, handia baitzara Euskaltzaindia), baina bertze berriago bat sortu arte, hauxe da dagoena eta nahiko ongi dago, erritmoa du, ahoskatzeko ezinbertzekoa dena, eta Euskal Herriko jende ezagun anitz agertzen da".

Nik onartu behar dut bere garaian, nerabe euskaldun alfabetatua izanagatik ere, ahal nuen guztietan ikusten nuela. Gustuko nuen. Bai, horixe!

Izen ederra paratu zioten saioari. Bai, horixe! Gaurko egunean "noski baietz" erderakada bertzerik entzuten ez den garaian, gogoratzekoa da euskarazko esamolde jatorra "bai, horixe" dela. Bertzeak, duela gutxi arte arte bederen, ez omen zuen tradiziorik. Gaur, kontrakoa dirudi, "noski baietz" baino ez baita entzuten. Tradizioak aldakorrak dira. Eta "noski baietz" onartu behar baldin badugu, bada, onartuko dugu. Baina, aizue, ez dezagun bertzea betiko baztertu. Ez, horixe!

Eta nahi izatera, hauek ere erabiltzen ahal dituzu: Bai, noski! Bai, jakina! Horixe baietz!

2017(e)ko otsailaren 19(a), igandea

"No te olvides de ponerte el beroki al salir de la gela para ir al jantoki"

Ez dakit inoiz erran dudan, baina nik hemen botatzen ditudanak ez dituzue zertan irentsi, e. Erran nahi baita ez da nahitaezkoa zuek nire iritziekin bat egitea noski, jakin baitakit harrikada ederrak jaurtitzen dituela nire burmuinak.

Konparazio batera, jasangaitz egiten zait mintzatzerakoan hizkuntzak nahastea. Hori hala da.

"No te olvides de ponerte el beroki al salir de la gela para ir al jantoki".

Ezin dut. Benetan ezin dudala. Eta harrigarria egiten zait nola, haurren inguruko solasetan, ia bakarrik hiru hitz horiekin gertatzen den hau. "El beroki", "la gela" eta "el jantoki". Ez baituzu inor entzunen halakoak erraten:

"Tápate bien las belarris con el txano antes de salir a la kale". Erridikulua litzateke, ezta? Bada, aipatu hiru hitz horiekin gertatzen ari da.

Kontrako bidean, euskaldunek barra-barra sartzen dituzte gaztelaniazko hitzak euskarazko esaldietan. Hainbertze, berehalakoan desagertzen baita erridikulu sentsazioa.

Errate baterako, nahiz eta guraso erdaldun enrollatuek gaztelaniaz "gela" erraten duten, euskaldunek euskaraz "klase" erraten dute maiz. Eta, tira, ikasle eta irakasleen esparrua izendatzeko "klase" hitza sartu behar badugu euskal hiztegietan, bada, sartuko dugu. Baina ez dezagun ahantz toki horiei "gela" edo "ikasgela" ere deitzen ahal diegula. Ados?


2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

"Kriston martxa dabil!"

Ez diogu, noski, [Euskalerria Irratiko zuzendari eta esatari] Mikel Bujandari gaurkoan entzunen "kristoren eguna" eginen duela, maiatzaren 40ra ailegatu gabe ere 26-27 gradu izanen ditugun arren.

Baina lasai asko gerta daiteke ondoren kirolariren bat elkarrizketatzea eta hark botatzea "kriston denboraldia" egin dutela, edo aktore batek erratea "kriston aukera" dela beretako Madrilen eskaini dioten antzezlana. Halakoak sarri entzuten ditugu irratian, euskaraz ere erregistroak badirela kontuan hartzen ez dutenen ahotan.

Gatzik eta piperrik gabeko hizkuntza eraikitzen ari baikara, eta goitik eta behetik berdintzen, erregistroak galtzeraino.

Arrunkeria da 'kristoren', lagun artean erabiltzekoa. Eta ez luke lekurik izan behar erregistro formal batean. Beraz, irrati formal batean gutxitan entzun beharko litzateke.

'Kristoren' edo 'kriston', literalki eta gaztelaniaz, 'del Cristo' da. Edo nahi baduzue, 'de la hostia'. Eta nik ezin dut irudikatu Real Madrileko jokalari bat Espainiako irrati batean erraten que han hecho una temporada de la hostia, ez bada Txapeldunen Liga irabazi ostean alkohol artean botatako adierazpen euforikoa. Horixe baita erregistroa, egoeraren arabera eta solaskidearen arabera hizkuntza moldatzeko modua.

Erregistro informaleko euskaratik erregistro formaleko euskarara hitzak eramanez ez dugu hizkuntza jasoa aberasten eta lortzen dugun bakarra da lagun arteko hizkera edukiz hustea. Eta, sinets iezadazue, euskarak oso beharrezkoa du 'kristoren' hori gordetzea tabernan hartu dugun azken pintxo ikaragarria kalifikatzeko edo izugarri ongi pasatzen ari garela adierazteko.


2016(e)ko maiatzaren 30(a), astelehena

Nahasmenaren baratzean ereiten

Zenbat listu eta zenbat hatz marka ez ote dugun gastatu E hizki baten kontura, Iruñea eta Iruña izenen inguruko eztabaida amaigabean! Oraingoan ez naiz berriz ur uher horretan sartuko, baina bertze E hizki baten aldarria eginen dut, bai horixe.

Euskalerria Irratiak badu iragarki bat, lorezaintza produktuak saltzen dituen Adaxka enpresarena, baratze hitzarekin gauza xelebrea egiten duena. Pier Paul Berzaizen kanta ezagunarekin hasten da iragarkia, estribilloarekin, "Baratze bat nahi deizüt egin...". Baina gero, esatariak "baratza" darabil etengabe, E gabe.

Latineko 'paradisum' hitzetik omen datorren BARATZE euskal hitzak E bat du bukaeran. Zer eginen diogu, bada! Hala ere, hiztun askoren ahotan E hori galtzen du, eta baratza bilakatu. Bueno, E bat gora, E bat behera, ez da deus ere gertatzen. Hortxe ditugu gaztelaniazko HUERTA eta HUERTO. Baina E-dun baratzea bizirik dagoen bitartean, idatzizko euskaran eta erregistro jasoan, ureztatzen jarraitu beharko genuke, ez?

Bertzenaz, kazetari bati eta udal bateko txiolari bati gertaturikoa gertatuko zaizue. Jakoba Errekondoren @bizibaratzea Twitter kontuaren berri eman nahi izan zuten, baina baratze hitza beraiek ahoskatzen duten gisan idazteagatik, gaizki eman zuten helbidea. Kontuz halakoekin.


2016(e)ko maiatzaren 9(a), astelehena

Ikus daiteke ez dela ikusten ahal

Oso ildo editorial espainolista eta neoliberala hartu aitzin, bere garaian, gustuko nuen SER irratia entzutea. Eta entzun ohi nituen gauzen artean, izugarri gustatzen zitzaidan Isaias Lafuente kazetariak gidatzen zuen Unidad de Vigilancia tartetxoa. SER irratiko esatariek beraiek egiten zituzten hanka-sartzeak, xelebrekeria linguistikoak edo akatsak aipatzen eta zuzentzen zituen Lafuentek, oso modu dibertigarri eta pedagogikoan.

Horretarako gaitasuna, ausardia eta grazia banu, nire tartetxo honetan, Lafuentek egiten zuena eginen nuke nik Euskalerria Irratiko esatariek egiten dituzten akatsekin. Orain arte ez dut egin. Baina gaur hautsiko dut ohitura.

"ETB1 seinale analogikoaren bidez ikusi ahal da Iruñerrian" lerroburuko albistea argitaratu zuen ortziralean Euskalerria Irratiak bere agerkari digitalean. Eta aitortu behar dut begiak sutan jarri zizkidala "ikusi ahal da" horrek.

Euskaraz, ahalera, bi modutan egin dezakegu, edo egiten ahal dugu. Batetik, aditz nagusia eta -KE- atzizkidun aditz laguntzailea erabilita. Eta, bertzetik, lehenbiziko modu horren zailtasunei izkin egiten dien perifrasia erabilita. Hau da. IKUS DAITEKE edo IKUSTEN AHAL DA. Bi forma horiek esanahi aldetik ezberdinak omen dira batzuen ustez, baina hizkuntzalariak horretan ados jartzen ez direnez, utz dezagun kontu hori. Izan ere, hiztun gehienek baliokideak balira bezala erabiltzen dituzte.

Hala, EROS DIEZAZKIZUKET adiz zail bat, perifrasiaren bidez, EROSTEN AHAL DIZKIZUT forma errazean egin dezakegu. Edo egiten ahal dugu.

Ekialdeko euskalkietan IKUSTEN AHAL DA egiten duten tokian, bertze toki batzuetan IKUSI AHAL DA egiten dute, antza. Biak zuzenak dira, eta euskararen parte, edo nahi bada, euskara batuaren parte. Baina zuzentasunez ez ezik, egokitasunez ere hitz egin beharko genuke, ezta? Hala uste dut nik. Horregatik, pentsatzen dut Iruñerriko euskal hedabide batek ekialdeko euskalkiei dagokien forma erabili beharko lukeela kasu honetan, eta, beraz, IKUSTEN AHAL DA eta gisakoak baliatu beharko lituzkeela.




2016(e)ko apirilaren 11(a), astelehena

- Norendako da hori? - Zuretzat, aita!

Seme zaharrena iragan irailean hasi zen eskolan eta, nolabait, gure etxeko euskara eraman zuen berarekin. Baina gutxika-gutxika aldatzen ari zaio hori. Konparazio batera, duela ez asko 'niretzat', 'zuretzat' eta gisakoak erraten hasi da, etxean 'niretako', 'zuretako' eta halakoak erraten ditugun tokian.

Alegia, NORENDAKO erabili beharrean, NORENTZAT erabiltzen hasi da. Anitzetan aipatu izan dugun kontua da. Norentzat aldaera da euskara batuan destinatibo kasurako aukeratu zena. Eta ongi dago, noski. Baina Nafarroaren parte handi batean Noréndako edo Norendáko erabili izan da eta erabiltzen da oraindik ere. Eta, nire ustez, iruñerritar euskaldun berri batek Norendako erabili beharko luke, kontuan hartu behar baitugu non bizi garen eta hemengo euskara nolakoa zen.

Eta zein da arazoa? Bada, bertako nolabaiteko euskaran egiteko txipa gutxi batzuok badugula bakarrik. Eta gure seme-alaben irakasle euskaldun berri gehienek ez dutela koherentzia falta ikusten gaztelaniaz 'chaquetica' (eta ez 'chaquetita') erratearen eta euskaraz 'norentzat' (eta ez 'norendako)' erratearen artean.

Tira, bederen, semeak oraindik 'erran' eta 'bertze' hitzei eusten die. Ea zenbat irauten duen!

2016(e)ko apirilaren 3(a), igandea

'Supercalifragilisticexpialidocious'

Ea, saia gaitezen: "Superkalifragilistikoespialidoso". Ez da hain zaila izan, ezta? Mary Poppins filma hainbat aldiz ikusi izan baduzue, gainera, buruz jakinen duzue batere esanahirik gabeko hitz luze hori. Esanahiaren arrastorik ere ez diozue hartuko, baina ahoskatzen gai izanen zarete ziur.

Bada, antzeko zerbait gertatu zitzaidan aurrekoan Euskaltzaindiaren Twitter kontu ofizialetik idatzi zuten esaldi batekin.

"Euskara biziberritzeari buruzko gogoetari jarraipena emateko aldirako lantaldea sortu du Euskaltzaindiak"

Ez da oso esaldi luzea. Hamaika hitz ditu; hamar gehi bat, alegia. Euskaraz idatzirik dago. Gramatikalki zuzena da. Baina esaldi horrekin zer erran nahi zuten ulertzeko hainbat aldiz irakurri beharko genuke.

"Euskara biziberritzeari buruzko gogoetari jarraipena emateko aldirako lantaldea sortu du Euskaltzaindiak"

Modu ulergarriago batean jartzerik bazegoen, ezta?

Kontua da Euskaltzaindiak lantalde bat sortu duela, euskara biziberritzeari buruz hausnartzen jarraituko duena. Horrela erranik ulergarriagoa da, ezta? Bi gauza egin ditugu esaldia hobeki uler dadin: batetik, aditz nagusia aurrera pasatu dugu; eta bertzetik, "gogoetari jarraipena eman" itsusi mortal hori "hausnartzen jarraitu" bilakatu dugu. A, ta "aldirako" hitza ezabatu dugu, ez baitugu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan aurkitu.

Horra hor, bada, esaldi ulergarriagoak egiteko hiru gomendio txiki:
1) Behar izanez gero, aditz nagusia ahalik eta gehien aurreratu.
2) Ekintza bat adierazteko aditza erabili, ez izena.
3) Ez erabili hiztegietan agertzen ez diren hitzak.

Ongi?

Eta, orain, kantatu gurekin:

Superkalifragilistikoespialidoso
Euskara biziberritzeari buruzko
gogoetari jarraipena emateko aldira
-ko lantaldea sortu du Euskaltzaindiak

2016(e)ko otsailaren 22(a), astelehena

'Anitz' anitz dago, gero eta gehiago

Normalean, segurtasun handiz hitz egiten dizuet, edo horren itxura egiten dut, bederen. Gaurko kontuak, ordea, zalantza asko sortzen dizkit, zalantza anitz.

Euskara nafarrean, "anitz" adberbioa, edo "aunitz", asko erabilitakoa da eta hagitzez gehiago erabili beharko litzateke. Horretan ez dut dudarik. Baina bada "anitz" horren erabilera bat duda-mudatan jartzen nauena.

Eta hori da 'anitz' adberbioa adjektibo bilakatu duena. Hau da, gaztelaniazko 'plural' edo 'diverso'-ren euskarazko baliokidea.

Gogoratuko duzue. Navarra, Tierra de Diversidad turismo kanpaina "Nafarroa, lur anitza" euskaratu zuten. Izquierda Plural Ezker Anitza gisa aurkeztu digute. Iruñean berean badago Anitzak izeneko psikologia kabinete bat. Eta, oro har, hitz juntatzaile batek gaztelaniazko 'plural' hitza euskaratu behar duen bakoitzean 'anitz' erabiltzen du.

Euskaltzaindiak aspaldi adierazi zuen ez zuela gomendatzen 'anitz' adjektibo gisa erabiltzea, eta halakoetan hobe dela 'askotariko' eta gisakoak erabiltzea. Adibidez, ez erratea "industria anitza", baizik eta "askotariko industria".

Plural hitza ere hor dago. Euskaraz ere plural erabiltzen ahal dugu. Hiztegiek jasotzen dute eta hegoaldekoek zein iparraldekoek ulertzen dute. Baina, gero eta gehiago entzuten da gurea gizarte anitza dela, zabala, plurala edo askotarikoa dela erran beharrean.

Eta nire zalantza da: Zenbat tematu beharko genukeen erabilera xelebre horren aurkako borrokan? Anitz?

2016(e)ko otsailaren 15(a), astelehena

Heldu zara?

"Berriz ere heldu da Bidador pastorala.."
[Euskalerria Irratiko IRAGARKIA Reyes Ilintxetaren ahotsean]

Edozein nafarrek, edozein ekialdetarrek, ongi baino hobeki ulertu beharko luke iragarki horren lehenbiziko esaldia. Susmoa dut, baina, bati baino gehiagori ihes egin diola aditzaren esanahi zehatzak.

Heldu aditza polisemikoa dugu. Baditu hainbat esanahi, eta horietako bat 'etorri' da. Bai, 'etorri'.

- Asier, heldu zara?
- Bai, oraintxe noa.

Norbaitek beragana joateko erran dit. Alegia...

- Asier, bazatoz?
- Bai, oraintxe noa.

Badago esapide bat, nahiko zabaldurik dagoena, 'heldu' aditzaren esanahi honen etorkizunaz itxaropena ematen diguna. "Jaurlaritza Garoñaz ariko da, heldu den astean, CSNrekin". Berria egunkariko albiste bat da, Gasteizen idatzia. Hor, "heldu den" esapide horrek "datorren" erran nahi du. Gero eta gehiago erabiltzen dute mendebaldekoek esapide hori. Eta ongi dago, baldin eta 'heldu' aditzaren 'etorri' esanahidun erabilera esapide horretan bakarrik ihartzen, fosilizatzen, uzten ez badugu.

Beraz, heldu den aste arte, lagunok!

2016(e)ko otsailaren 8(a), astelehena

#Badamolagu

Sare sozialetan hizkuntza bizi-bizi agertzen zaigu. Eta bizitasun horretan, maiz, hizkuntzarekin zerikusia duten jolas dibertigarri anitz sortzen da. Konparazio batera, euskarari dagokionez, urteak dira hiztunek adizki trinko berriak asmatzeari ekin ziotela: "datsegit", "damolat" eta gisakoak. @trinkotzaindia izeneko profil bat sortua dago Twitterren eta han biltzen dira asmaturiko asko eta asko.

Badute arazo bat, ordea.

Berriz erranen dut esaldi hau.

Badute arazo bat.

Eta berriz.

Badute.

Adizki trinkoak perpausaren hasieran edo osagarririk gabe doazenean, ezin dira bakarrik jarri. Halakoetan nahitaezkoa dute BA- aurrizkia.

Alegia, "atsegin dut" errateko "datsegit" adizki trinkoa asmatzen baldin badugu, eta horretarako euskarak adizki trinkoak sortzeko duen arauari segitzen baldin badiogu, adizki trinko hori bakarka idazten badugu, edota esaldiaren hasieran, hor ere euskararen barne logikari segitu beharko diogu, eta aurretik BA- paratu.

Burutazio bat duenak ez du "Dakit!" oihukatuko, "Badakit!" baizik.

Bazkaltzera deiturik dagoen gaupaseroak ez du "Noaaaaa!" erranen, baizik eta "Banoaaaaaa!".

Bada, modu berean, ikusten ari denarekin zur eta lur gelditzen ari denak "Badaflipat" erran beharko luke eta ez "daflipat". Eta Facebookeko argazki moloiaren inguruan "Badatsegit!" bota beharko genuke, eta ez "datsegit".

Badulerzue?


Irene Arrarats (@ulaiar), Berria egunkariko zuzentzaile eta itzultzailea, Argia aldizkariak argitaraturiko Prosa aproposa gurea? erreportajean.

“Lizentziak hartzeko ere, araua behar da; araua hausteko ere, araua behar duzu. Araua, berez, ez da Euskaltzaindiaren bilduma horretan agertzen dena bakarrik. Araua da hizkuntzaren logikaren barrenean dagoena. Damolat edo dizerdit asmatzea ederra da, euskararen bizi-indarraren seinale, baina ez bazaigu ateratzen, pentsatu ere egin gabe, badamolat esatea, banoa esaten den bezala, bada, problema da arrotza zaigula euskararen sistema, eta, beraz, sistemarik gabe, hots, hizkuntzarik gabe geratzeko arriskua dugula”.

2016(e)ko urtarrilaren 10(a), igandea

"Euskara azkartzeko oraintxe dugu aukera"

Duela urte franko gertatu zitzaidan. Lankide gipuzkoar batzuk Iruñera etorri ziren eta, batek daki zergatik, autoa Antso Azkarra etorbidean aparkatu zuten. Autoa utzi, ibiltzen hasi eta horietako batek kalea bataiatzen duen plaka ikusi zuen. "Ondo hasi gera!", bota zuen. "Sancho el Fuerte, euskaraz, Antso Azkarra idatzi dute".

Eta egia da Iruñean karrika askotako plakak euskaraz gaizki idatzirik daudela, baina Antso Azkarrarena ez da horietakoa.

Lagun giputzak uste zuen Sancho el Fuerteren euskarazko baliokideak Antso Indartsua izan behar zuela. Baina berehala argitu nion oker zebilela, "azkar" adjektiboak badituela hiru esanahi, eta ez bi, berak uste zuen gisara.

Batetik, abiadura handian mugitzen dena da azkarra. Lasterra, alegia.

Bigarrenik, inteligentzia handikoa dena da azkarra. Buruargia, alegia.

Hirugarrenik, indar handia duena da azkarra. Indartsua, alegia.

Azken adiera hori (Euskaltzaindiaren hiztegietan eta Elhuyarren lehen adiera bezala ematen dutena, portzierto), batez ere ekialdean ezagutzen eta erabiltzen da. Edo erabiltzen zen. Izan ere, zoritxarrez, iruditzen zait lagun gipuzkoarrak egin zuen akatsa eginen luketela nafar askok gaurko egunean.

Beraz, eta "azkar" adjektiboaren adiera indartsu hori gogoratze aldera, kanta dezagun denok...
"Bagare, bagera,
bagire, bagara
Euskara azkartzeko
oraintxe dugu aukera".


2015(e)ko azaroaren 23(a), astelehena

¿Un jarrico de qué?

Aurrekoan, pasadizo irrigarria gertatu zitzaion Xabier Euzkitze telebista aurkezleari, eta holaxe kontatu zuen Twitterren:


Mmmmmmm... Testu horretan agertzen diren jotak y greko gisa ahoskatu baldin badituzue, txisteak bere grazia galdu du. Ea, berriz, baina oraingoan ahoskatu jota horiek guztiak gaztelaniazko jota bezala.


Horrela bai, ezta? Euzkitze azpeitiarrak "jarriko" ahoskatu zuen, eta ez "yarriko". Ados, gipuzkoarrek hala egiten dute. Baina iruditzen zait iruñerritarrok, eta nafar gehienok, ez genukeela halaxe egin behar. Gainera, ahoskera hori, Euskaltzaindiaren ustez, jatorrena eta zabalduena da, eta euskara batuaz ari garenean gomendatzen dena. Hitz hasieran, betiere. Baina hitz barnean onargarritzat jotzen du garaje edo ijito bezalako hitzetan jota ahoskatzea.

Laburbilduz, hitz hasieran yota, eta hitz barnean sudur puntan jartzen zaizuena.

Alegia, hi iruindar petoa, igandean ez haiz Sadarrera jutekoa, joatekoa baizik, eta sartu baino lehen garagardo jarrarik ez, pitxerra baizik. Edo ardo zahatoa, zeta zeta zeta ahoskatzea erraza baita.



2015(e)ko azaroaren 9(a), astelehena

Errotazismoaren mundu zirraragarrian sartzeko gonbita

Noiz edo noiz gertatzen zait. Azken asteetan laupabortz aldiz. Baztangoa ote naizen galdetzen didate. Eta ez, ez naiz Baztangoa. Duela 500 urteko arbasoak Baztangoak direla erraten du gure zuhaitz genealogikoak. Baina horretaz landara, Baztanekin harreman gutxi.

Eta hala ere galdetzen didate, "bertze" eta gisakoak erabiltzen ditudalako. Eta galdetzen didana iruñerritar ezjakina baldin bada, galdera itzultzen diot. "Eta zuk? Zuk zergatik ez duzu "bertze" erabiltzen?".

Zalantzarik ez omen da Iruñerriko euskaran, edo euskaretan, "bertze" eta gisakoak erabiltzen zituztela. Hartara, iruñerritar gisa, hizkuntza bere kasa moldatu duen euskaldun berri gisa, aspaldi erabaki nuen "bertze" erabiltzea, eta ez "beste". Neure euskarari kolorea emateko bidean, aukera txukuna iruditu baitzitzaidan.

Beraz, gonbit egin nahi dizuet [eta ez inondik inora "gonbita luzatu"], zuek ere errotazismoaren mundu zirraragarrian sar zaitezen. Zatozte gurekin!

Zer den errotazismoa? Bada, -ST- soinua -RTZ- egitea. Bortitza egiten zaizuela? Orduan, gutxika-gutxika egin.

Aste honetan, Erromako zubiari ortzadar deitu, eta ez ostadar.

Hurrengo astean, hasi beste modu batean mintzatzen, eta bertze erabili.

Hirugarren astean, juevintxoa ortzegunarekin egin. Eta ortziralean, errepikatu.

Eta akitzeko, laugarren astean, ozen adierazi hau guztia bortz axola ez zaizula.

Aupa!


2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Ongi ondoezik dago

Gobernu aldaketa gertatu baino hilabete batzuk lehenago, halako mezua zabaldu zuten Nafarroako Gobernuaren twitter kontutik:



Ez dakit nork idatzi zuen, ezta nongoa den nor hori. Horrek ez du axola. Nafarroako Gobernua ari baitzen hizketan txio horretan eta, nire ustez, Nafarroako Gobernuak ez du "ondo" erraten ahal, "ongi" baizik. Hori argi izan behar dugu. Izan ere, nafarrok "ongi" erabiltzen ez badugu, nork arraio erabiliko du?

“Nik uste Iruñerrian gauza diferenteak zirela ekialdean eta mendebalean, baina gero bazirela puntu komun batzuk. (…) ‘Erran’ eta ‘bertze’ eta ‘anitz’, eta honelakoak. Horiek normalak ziren gure artean, eta beharbada horretaz oroitzea ez da gaizki etorriko gaur egunean. Nik, adibidez, baditut ikasleak ikastolan-eta ikasi dutenak eta joera dutenak ‘ondo’ errateko; ez dakit, Burunda aldean ‘ondo’ erratea ongi dago, baina gero pixka bat kontuan hartu behar dugu nafarrak garela, Iruñean bizi garela eta hemengo euskara nolakoa zen ere hartu behar dugula aintzat, ez?”.
(Patxi Salaberriren solasaldi baten aipua, 1997an egina eta Nafarroako Hizkerak liburuan jasoa. 166. or.)

     Zoritxarrez, ez da batere ezohikoa Iruñerriko ikastolakumeek "ondo" batekin erantzutea "Zer moduz?" galderari. Egia da haietako askok irakasle gipuzkoarrak edo bizkaitarrak izan dituztela (edo irakasle gipuzkoarrek zein bizkaitarrek hezituriko irakasle nafar axolagabeak), baina bada garaia norbaitek "ongi" adberbioaren aldeko kanpaina egin dezan, "ongi etorri" esamolde ihartua kenduta, galtzeko arriskuan den espeziea baita. Beraz, FREE ONGI!! Ongi?

"Hainbat hitz bikotek jartzen dituzte mendebala eta erdialdea alde batera, eta Ipar Euskal Herria eta euskara nafarra bestera. Hona hemen horietako zenbait: (...) ondo eta hobeto / ongi (Iparraldean untsa) eta hobeki".
(Koldo Zuazo. 2014. Euskalkiak. 240. or.)

2015(e)ko irailaren 21(a), astelehena

"Nortzuk gara gu? Zertzuk gara gu? Euskaldunak gara gu!"

Euskararik onena, egiten dena.
Baina egiten hasita, egin dezagun ongi.
Edo are hobeki, egin dezagun hagitz ongi!

Ezaguna duzue kanta hau?:

Nortzuk gara gu?
Zertzuk gara gu?
Euskaldunak gara gu.

Nortzuk gara gu?
Zertzuk gara gu?
Euskaldunak gara gu!

Ezaguna duzue? Ez? Eta bertze kanta eder hau?:

Ez dugu beldurrik,
ez dugu lotsarik 
nortzuk geran zertzuk geran aitortzeko
ez gaituk lapurrak ez eta zakurrak
baina bai euskaldun xelebreak!

Ez, ala? Zer edo zer arraroa sumatu duzue, ezta? Bai, bai... NOR eta ZER galdetzaileei atzizki pluralgilea erantsi diet, eta NORTZUK eta ZERTZUK sortu. Emaitza nahiko xelebrea erdietsi dugu horrela. Bada, webgune anitzetan "Nor gara?" izeneko atala izan ohi dute, webgune horren gibeleko elkartekoak nor diren azaldu nahi duena. Baina, zoritxarrez, zenbait kasutan, Nor gara jarri beharrean, Nortzuk gara dute paratua. Eta zoritxarrez diot, nortzuk hori, berez, mendebaleko literatura tradizio bati lotua dagoelako.

Erran nahi baita Nortzuk gara erabiltzea ez dago gaizki, baldin eta mendebalekoa bazara. Iruñerritarrok nahikoa dugu NOR GARA erabiltzea.

Ongi?
Ez.
Hagitz ongi!