erdarakadak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
erdarakadak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko azaroaren 9(a), osteguna

Abadeak *konpromezua hartu du *esposaketa *monastegian paratzeko

Pentsatzen dut hizkuntza guztiak bitxikeriaz josita daudela eta horretan gurea ez dela salbuespena. Agian, euskara hizkuntza gutxitu eta gutxiagotua izateak, eta hartara gutxiagotasun konplexuak jota egoteak, bitxikeria kopuru hori ugaritzen du. Ez dakit.

Baina kontua da maiz gertatzen zaigula gaztelaniatik euskarara hitzak pasatzen ditugula, baina nolabait hitz horiek gaztelaniazkoak ez direla gehiegi nabarmendu gabe, eta hortxe ibiltzen garela hitz horiei halako mozorroa paratzen.

Ziur naiz buruan baduzuela halako hitz mozorroturen bat. Nik zer dakit, "*konpromezu", adibidez. Bide luzea egin duen hitz honi norbaitek "-mezu" bukaera jarri zion eta arrakasta txiki bat lortu zuen hitzari hitz elkarketen itxura emanez. Baina "*konpromezu" sortzeko ez ditugu bi hitz elkartu, noski. Hala balitz, argi genuke zer den "mezu" euskaraz. Baina "konpro"?

Antzeko zerbait gertatzen zaio "monasterio" hitzarekin lehian dagoen (eta oraindik Iruñeko karrika izenetan ikus dezakegun) "*monastegi" hitzari. Nonbait, asmatu zutenei iruditu zitzaien "monasterio" horrek euskara itsusten zuela eta "-tegi" atzizkia jarri zioten. Baina "-tegi" etxea bada, zer arraio da "monas"?

Eta bukatzeko, Frankesteinen itxura hartzen diodan bertze bat: "*esposaketa", erakusketa errateko. Antza, sortu zuenari ez zitzaion euskaldunegia irudituko "esposizio" hitza, eta ekintzen ondorioak adierazteko erabiltzen den "-keta" euskal atzizkia baliatu zuen. Ados. Baina "-keta" kenduz gero, denok badakigu gelditzen den "esposatu" aditz horrek ez duela zerikusirik "erakutsi"-rekin, ezta?

Gurean ez ditugunean, ongi dago bertze hizkuntzetatik hitzak maileguan hartzea. Baina, halakoetan, anitzez naturalagoa gelditzen da hitza euskaldunen ahoskatzeko modura moldatzea, gezurrezko mozorroa jartzea baino.

2017(e)ko maiatzaren 29(a), astelehena

Hain *guapa zaude!


Salbuespenak salbuespen, euskarazko hitzek ez dute genero gramatikala; hortaz, hitzak ez dira maskulinoak edo femeninoak. Nik uste euskaldun guztiok argi dugula kontu hau. Hala ere, gaztelaniaren eraginez, behin eta berriz zartatu egiten dugu euskararen ezaugarri polit hori.

Eta tira, agian kontu honek ez du garrantzi handirik, baina iruditzen zait gure hizkuntza pixka bat itsusten duela. Atzo, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko kantariak artikulu luze bat idatzi zuen Facebookeko bere orrialdean. Oso-oso barnetik idatzitako artikulua izan zen, Hidalgok aspalditik dituen zintzurreko arazoen berri eman baitzuen. Nik gustura irakurri nuen. Baina sufritu ere sufritu egin nuen, "afonika" gelditzen zela idazten zuen bakoitzean.

Euskaraz, erlats, ahotsik gabe, gelditzen diren gizon zein emakumeak "afoniko" gelditzen baitira. Euskaraz ez du zentzurik emakumeei -A hizkia eta gizonei -O hizkia esleitzeak. Mutila pertxenta izan daitekeen modu berean izaten ahal baita neska potoloa.

Baina erran bezala, joera tonto hori badago, eta behar ez ditugun gaztelaniazko hitzak hartu ez ezik, haien genero gramatikal bikoiztua ere hartzen dute batzuek. Joera horretan txapelduna "guapa-guapo" bikotea da. Euskal hiztunei oso gogorra egiten zaie, antza, neska bati euskaraz "guapo" erratea. Eta, bai, belarrietan gogor jotzen du. Baina halako minik hartu nahi ez badugu, zergatik ez erabili "eder"? Edo "polit"? Edo "lirain"? Edo "panpox"? Edo "apain"? Edo "lerden"?...

2017(e)ko apirilaren 23(a), igandea

Bai, horixe!

30 urte baino gehiago duzuenok gogoratuko duzue telebistako sintonia hau:



Bai, horixe! Duela 30 urte inguruko telebista saioa, helburu pedagogiko bat zuena: euskara irakastea. Halaxe deskribatzen dute Youtuben atal guztiak eskuragai jarri dituztenek: "Zaharkitu samarra, pezetak, auto zaharrak, KRISTO GUZTIA ERRETZEN, VHS zintak, moda xelebre hori eta aldatu den arau linguistikoren bat (oso gutxi, handia baitzara Euskaltzaindia), baina bertze berriago bat sortu arte, hauxe da dagoena eta nahiko ongi dago, erritmoa du, ahoskatzeko ezinbertzekoa dena, eta Euskal Herriko jende ezagun anitz agertzen da".

Nik onartu behar dut bere garaian, nerabe euskaldun alfabetatua izanagatik ere, ahal nuen guztietan ikusten nuela. Gustuko nuen. Bai, horixe!

Izen ederra paratu zioten saioari. Bai, horixe! Gaurko egunean "noski baietz" erderakada bertzerik entzuten ez den garaian, gogoratzekoa da euskarazko esamolde jatorra "bai, horixe" dela. Bertzeak, duela gutxi arte arte bederen, ez omen zuen tradiziorik. Gaur, kontrakoa dirudi, "noski baietz" baino ez baita entzuten. Tradizioak aldakorrak dira. Eta "noski baietz" onartu behar baldin badugu, bada, onartuko dugu. Baina, aizue, ez dezagun bertzea betiko baztertu. Ez, horixe!

Eta nahi izatera, hauek ere erabiltzen ahal dituzu: Bai, noski! Bai, jakina! Horixe baietz!

2017(e)ko martxoaren 27(a), astelehena

Euskara topera!!

Gauza jakina da Googleren itzulpen zerbitzuak ez duela bereziki ongi funtzionatzen euskara ekuazioaren faktoreetako bat delarik. Hala ere, Googlera jo dut gaztelaniazko esamolde baten euskal ordain baten bila. 'A tope' euskaraz nola ematen duen jakin nahi nuen. Bada, erantzunak ez du ez hanka eta ez buru. Baizik eta ipurdi. Alegia, 'ipurdi' hitza ematen duela 'a tope' esamoldearen ordain gisa. Batek daki zergatik!

Kontua da ETBko hirugarren kateak 'topera' esamoldea darabilela bere publizitate kanpainetan. Eta esamolde horrek, euskaraz, ez du ez hanka, ez buru, ezta ipurdi ere.

Bistan denez, gaztelaniazko 'a tope' esamoldea hartu dute eta sudur puntan (edo ipurtzuloan) jarri zaien moduan euskaratu dutela. 'Topera'. Guay! Molatxen mogoiloi!

Asko pentsatu gabe, 'primeran' esamoldea datorkit burura 'a tope' errateko. Primeran! Gaztelaniatik mailegatua da. Beraz, primeran! Baina kasu honetan ez du balio, hiru zenbakia duen telebista bati gaizki baitatorkio bat zenbakiarekin loturiko hori.

Beraz, pixka bat gehiago pentsatuta, agian 'jo ta ke' erabil genezakeen. Edo agian ez, politikoki sobera markaturik baitago. 'Su ta gar' orduan? Ez, ez, musika talde bat da. Bada, 'jo ta su'. Eta kito!

Edo, bertzenaz, ETBko publizistek buruari eragin diezaiotela eta pentsa dezatela bertze bat. Baina, mesedez, ez dadila gaztelaniazkoaren bertze itzulpen baldar bat izan.


2017(e)ko martxoaren 6(a), astelehena

"Irakurtzen dut?"

Uste dut ez dela lehenbiziko aldia kontatzen dudala nire seme nagusia euskara batekin sartu zela eskolan, eta gutxika-gutxika ari zaiola euskara hori aldatzen. Konparazio batera, aurreko batean "sartu ahal dut" bat bota zuen, nik ustez irakatsi nizkion "sartzen ahal dut" eta "sar dezaket" erran beharrean. Aldaketa hori ez zait gustatzen. Baina tira, gaizki ere ez dago.

Bertze aldaketa batzuk, ordea, ez ditut onartzen ahal, ikaragarri trakesten baitute bere hizkuntza. Eskolara sartu baino lehen primeran egiten zuen aditzaren aspektua. Hau da, telebista saio bat ikusten bukatzen zuelarik "ikusi dut" erraten zuen; saio hori egunero ikusten bazuen, "ikusten dut" erraten zuen", eta saioa gero ikusi behar bazuen, "ikusiko dut" erraten zuen. Bikain. Normal.

Baina orain, behin baino gehiagotan harrapatu dut "hasten naiz" erraten "hasiko naiz" erran behar duen tokian. Adibidez, anaiarekin jolasean ari delarik eta berak nahi duelarik lehenbiziko hasi.

Ez dakit azalpen hauek eman behar diren, oso agerikoak baitira. Baina emanen ditut. Badaezpada ere. Ea nire seme nagusiarengan halako eragin linguistiko txarra duen helduak entzuten dituen.

Lehenik eta behin, oso garbi izan behar dugu euskara hizkuntza bat dela eta gaztelania bertze hizkuntza bat dela. Eta hori garbi baldin badugu, aise ulertuko dugu euskaraz hasi ez den ekintza bat adierazteko geroaldia erabili behar dugula nahitaez. Eta beraz, irakurri behar duzun gauza bat oraindik irakurtzen hasi ez bazara, ezin duzula "irakurtzen dut?" galdetu, "Irakurriko dut?" baizik.

Ados?

2017(e)ko otsailaren 19(a), igandea

"No te olvides de ponerte el beroki al salir de la gela para ir al jantoki"

Ez dakit inoiz erran dudan, baina nik hemen botatzen ditudanak ez dituzue zertan irentsi, e. Erran nahi baita ez da nahitaezkoa zuek nire iritziekin bat egitea noski, jakin baitakit harrikada ederrak jaurtitzen dituela nire burmuinak.

Konparazio batera, jasangaitz egiten zait mintzatzerakoan hizkuntzak nahastea. Hori hala da.

"No te olvides de ponerte el beroki al salir de la gela para ir al jantoki".

Ezin dut. Benetan ezin dudala. Eta harrigarria egiten zait nola, haurren inguruko solasetan, ia bakarrik hiru hitz horiekin gertatzen den hau. "El beroki", "la gela" eta "el jantoki". Ez baituzu inor entzunen halakoak erraten:

"Tápate bien las belarris con el txano antes de salir a la kale". Erridikulua litzateke, ezta? Bada, aipatu hiru hitz horiekin gertatzen ari da.

Kontrako bidean, euskaldunek barra-barra sartzen dituzte gaztelaniazko hitzak euskarazko esaldietan. Hainbertze, berehalakoan desagertzen baita erridikulu sentsazioa.

Errate baterako, nahiz eta guraso erdaldun enrollatuek gaztelaniaz "gela" erraten duten, euskaldunek euskaraz "klase" erraten dute maiz. Eta, tira, ikasle eta irakasleen esparrua izendatzeko "klase" hitza sartu behar badugu euskal hiztegietan, bada, sartuko dugu. Baina ez dezagun ahantz toki horiei "gela" edo "ikasgela" ere deitzen ahal diegula. Ados?