adjektiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
adjektiboa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko urtarrilaren 23(a), astelehena

Eleganteren dotorezia

Batzuetan ez dago jakiterik zergatik hitz batzuek duten arrakasta eta bertze batzuek, ez. Eta batzuetan ez dakizu zure pertzepzioek errealitatearekin zerikusirik duten ala erabat jota zauden.

'Elegante' eta 'dotore' adjektiboei buruz ari naiz.

Berez, "itxuraren, moldeen, janzkeren edo apainduren egokitasunagatik bereizten dena" adierazteko hitz nagusi bat dugu euskaraz: 'dotore'. Baina sentsazioa dut Hegoaldeko euskaldunen artean gehiago erabiltzen dela 'elegante' 'dotore' baino.

Agian oker nago. Zuek erranen didazue. Baina nik hemen adierazi nahi nuena zen harrigarria egiten zaidala nola anitzetan gaztelaniara jotzen dugun euskaraz ditugun hitzen ordezkoak bilatzeko. Batere beharrik gabe, nire ustez.

Esanahiari dagokionez, ez dut alderik ikusten euskarazko 'dotore' eta gaztelaniazko 'elegante' adjektiboen artean. Eta formari dagokionez, neuri bederen, hitz politak iruditzen zaizkit biak ala biak, eta indar berekoak. Beraz, Esne Bideko planeta guztiak lerrokatzen diren gutxietan, zergatik erran Osasunak partida elegantea egin duela, partida dotorea egin duela erraterik dugunean?

Galdera erretorikoa da, noski. Baina gustatuko litzaidake inork erantzuteko dotorezia izatea.

2016(e)ko otsailaren 29(a), astelehena

Ikaragarria!

Batzuek garbizale deitzen diete euskararen altxorrera jada bildurik dauden hitzak erabiltzen tematzen direnei. Baina kontrakoa egiten dutenei nola deitu beharko genieke? Alegia, nola izendatu euskarak dagoeneko dituen hitzak baztertu eta inguruko erdaren hitz ustez adierazkorragoak erabiltzen dituztenei? Zikinzale?

Konparazio batera, Twitterren ehizaturiko esaldi batzuk:

- "Atzokoa berriz be brutala"
- "Brutala Durango!"
- "Egun brutala ixengo da gaurkue"
- "Dokumentu hau brutala da"
- "Bideoklip berriaren grabaketan... Brutala argazkia!!"
- "Brutala! Egia brutala delako..."
- "Ez daukagu hitzik, atzokoa deskribatzeko...BRUTALA SONDIKA!!!"
- "Arazoa ez da soilik etxe-kopurua. Aroztegiaren lur-okupazioa brutala da".

Ez erran 'brutala' hitza euskarazko esaldietan hainbertze aldiz entzutea irrigarri egiten ez zaizuenik.

Kontua da euskarazko esaldi horiei adierazkortasuna eman nahian-edo gaztelaniara jo dutela hori idatzi dutenek. Baina euskara ehuneko ehunean erabili izan balute ere esaldiok adierazkorrak baino adierazkorragoak ziratekeen.

- "Atzokoa berriz be ikaragarria"
- "Egun izugarria ixengo da gaurkue"
- "Bideoklip berriaren grabaketan... Itzela argazkia!!"
- "Kristona! Egia kristona delako..."
- "Aroztegiaren lur-okupazioa alimalekoa da"

Euskarazko hitzak erabilita zer edo zer galdu dugu bidean? Nik ezetz erranen nuke.

2016(e)ko urtarrilaren 10(a), igandea

"Euskara azkartzeko oraintxe dugu aukera"

Duela urte franko gertatu zitzaidan. Lankide gipuzkoar batzuk Iruñera etorri ziren eta, batek daki zergatik, autoa Antso Azkarra etorbidean aparkatu zuten. Autoa utzi, ibiltzen hasi eta horietako batek kalea bataiatzen duen plaka ikusi zuen. "Ondo hasi gera!", bota zuen. "Sancho el Fuerte, euskaraz, Antso Azkarra idatzi dute".

Eta egia da Iruñean karrika askotako plakak euskaraz gaizki idatzirik daudela, baina Antso Azkarrarena ez da horietakoa.

Lagun giputzak uste zuen Sancho el Fuerteren euskarazko baliokideak Antso Indartsua izan behar zuela. Baina berehala argitu nion oker zebilela, "azkar" adjektiboak badituela hiru esanahi, eta ez bi, berak uste zuen gisara.

Batetik, abiadura handian mugitzen dena da azkarra. Lasterra, alegia.

Bigarrenik, inteligentzia handikoa dena da azkarra. Buruargia, alegia.

Hirugarrenik, indar handia duena da azkarra. Indartsua, alegia.

Azken adiera hori (Euskaltzaindiaren hiztegietan eta Elhuyarren lehen adiera bezala ematen dutena, portzierto), batez ere ekialdean ezagutzen eta erabiltzen da. Edo erabiltzen zen. Izan ere, zoritxarrez, iruditzen zait lagun gipuzkoarrak egin zuen akatsa eginen luketela nafar askok gaurko egunean.

Beraz, eta "azkar" adjektiboaren adiera indartsu hori gogoratze aldera, kanta dezagun denok...
"Bagare, bagera,
bagire, bagara
Euskara azkartzeko
oraintxe dugu aukera".