adberbioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
adberbioa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko azaroaren 13(a), igandea

"Si eske da super aisa!"

Aurreko batean, Donamarian (Malerreka, Nafarroa), 8-9 urteko bi haur entzun nituen hizketan, parke batean, euskaraz barra-barra. Poztu nintzen, noski. Euskararendako esperantzarik badela, eta halako pentsamendu baikorrak iltzatu zitzaizkidan buruan, haurrei entzunda.

Harik eta haietako batek erran zuen arte: "Si eske da super aisa!". Une horretan zer edo zer edaten aritu izan banintz, ur jauzia aterako zitzaidakeen ahotik. Esaldi xelebre hark ederki kolpatu baininduen. Lehenbiziko kolpean, bederen. Gero, baikortasunerantz jo nuen berriz ere.

Behintzat, haurrak "aisa" erabili zuen. Ez zuen sobera ongi erabili, baina erabili zuen. Erran nahi baita, 'erraz' adberbioaren sinonimo bat erabili zuen, eta erakutsi zuen sinonimorik gabeko euskara batu grisetik ateratzerik badagoela.

'Aisa' edo 'aise' adberbioak 'errazki' erran nahi du. "Horrek aisa bukatuko du lana". Adibide horretan, 'aisa' jartzen duen tokian 'erraz' edo 'errazki' jar dezakegu. "Horrek erraz bukatuko du lana".

'Aisa' agertzen den guztietan erabiltzen ahal da 'erraz'. Aldiz, 'erraz' agertzen den guztietan ezin da 'aisa' jarri. 'Aisa' ezin baita adjektibo gisa erabili. Hau da, "Lan hori oso erraza da", erran dezakegu. Ez, ordea, "Lan hori oso *aisa da". Bai, bai, haurrak halaxe erabili zuen 'aisa', adjektibo moduan. Baina, aizue, erran dut bi haurrak euskaraz barra-barra ari zirela. Barkatuko diegu txikikeria hau, ezta?

2016(e)ko otsailaren 22(a), astelehena

'Anitz' anitz dago, gero eta gehiago

Normalean, segurtasun handiz hitz egiten dizuet, edo horren itxura egiten dut, bederen. Gaurko kontuak, ordea, zalantza asko sortzen dizkit, zalantza anitz.

Euskara nafarrean, "anitz" adberbioa, edo "aunitz", asko erabilitakoa da eta hagitzez gehiago erabili beharko litzateke. Horretan ez dut dudarik. Baina bada "anitz" horren erabilera bat duda-mudatan jartzen nauena.

Eta hori da 'anitz' adberbioa adjektibo bilakatu duena. Hau da, gaztelaniazko 'plural' edo 'diverso'-ren euskarazko baliokidea.

Gogoratuko duzue. Navarra, Tierra de Diversidad turismo kanpaina "Nafarroa, lur anitza" euskaratu zuten. Izquierda Plural Ezker Anitza gisa aurkeztu digute. Iruñean berean badago Anitzak izeneko psikologia kabinete bat. Eta, oro har, hitz juntatzaile batek gaztelaniazko 'plural' hitza euskaratu behar duen bakoitzean 'anitz' erabiltzen du.

Euskaltzaindiak aspaldi adierazi zuen ez zuela gomendatzen 'anitz' adjektibo gisa erabiltzea, eta halakoetan hobe dela 'askotariko' eta gisakoak erabiltzea. Adibidez, ez erratea "industria anitza", baizik eta "askotariko industria".

Plural hitza ere hor dago. Euskaraz ere plural erabiltzen ahal dugu. Hiztegiek jasotzen dute eta hegoaldekoek zein iparraldekoek ulertzen dute. Baina, gero eta gehiago entzuten da gurea gizarte anitza dela, zabala, plurala edo askotarikoa dela erran beharrean.

Eta nire zalantza da: Zenbat tematu beharko genukeen erabilera xelebre horren aurkako borrokan? Anitz?

2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Ongi ondoezik dago

Gobernu aldaketa gertatu baino hilabete batzuk lehenago, halako mezua zabaldu zuten Nafarroako Gobernuaren twitter kontutik:



Ez dakit nork idatzi zuen, ezta nongoa den nor hori. Horrek ez du axola. Nafarroako Gobernua ari baitzen hizketan txio horretan eta, nire ustez, Nafarroako Gobernuak ez du "ondo" erraten ahal, "ongi" baizik. Hori argi izan behar dugu. Izan ere, nafarrok "ongi" erabiltzen ez badugu, nork arraio erabiliko du?

“Nik uste Iruñerrian gauza diferenteak zirela ekialdean eta mendebalean, baina gero bazirela puntu komun batzuk. (…) ‘Erran’ eta ‘bertze’ eta ‘anitz’, eta honelakoak. Horiek normalak ziren gure artean, eta beharbada horretaz oroitzea ez da gaizki etorriko gaur egunean. Nik, adibidez, baditut ikasleak ikastolan-eta ikasi dutenak eta joera dutenak ‘ondo’ errateko; ez dakit, Burunda aldean ‘ondo’ erratea ongi dago, baina gero pixka bat kontuan hartu behar dugu nafarrak garela, Iruñean bizi garela eta hemengo euskara nolakoa zen ere hartu behar dugula aintzat, ez?”.
(Patxi Salaberriren solasaldi baten aipua, 1997an egina eta Nafarroako Hizkerak liburuan jasoa. 166. or.)

     Zoritxarrez, ez da batere ezohikoa Iruñerriko ikastolakumeek "ondo" batekin erantzutea "Zer moduz?" galderari. Egia da haietako askok irakasle gipuzkoarrak edo bizkaitarrak izan dituztela (edo irakasle gipuzkoarrek zein bizkaitarrek hezituriko irakasle nafar axolagabeak), baina bada garaia norbaitek "ongi" adberbioaren aldeko kanpaina egin dezan, "ongi etorri" esamolde ihartua kenduta, galtzeko arriskuan den espeziea baita. Beraz, FREE ONGI!! Ongi?

"Hainbat hitz bikotek jartzen dituzte mendebala eta erdialdea alde batera, eta Ipar Euskal Herria eta euskara nafarra bestera. Hona hemen horietako zenbait: (...) ondo eta hobeto / ongi (Iparraldean untsa) eta hobeki".
(Koldo Zuazo. 2014. Euskalkiak. 240. or.)

2014(e)ko abenduaren 11(a), osteguna

Ongi ez dago ongi


Aurreko batean, halako txioa egin zuten Nafarroako Gobernuaren twitter kontutik. Ez dakit nork idatzi zuen, ezta nongoa den nor hori. Horrek ez du axola. Nafarroako Gobernua ari baitzen hizketan txio horretan, eta Nafarroako Gobernuak ez du "ondo" erraten ahal, "ongi" baizik. Hori argi izan behar dugu. Izan ere, nafarrok "ongi" erabiltzen ez badugu, nork arraio erabiliko du?

     Zoritxarrez, ez da batere ezohikoa Iruñerriko ikastolakumeek "ondo" batekin erantzutea "Zer moduz?" galderari. Egia da haietako askok irakasle gipuzkoarrak edo bizkaitarrak izan dituztela (edo irakasle gipuzkoarrek zein bizkaitarrek hezituriko irakasle nafar axolagabeak), baina bada garaia norbaitek "ongi" adberbioaren aldeko kanpaina egin dezan, "ongi etorri" esamolde ihartua kenduta, galtzeko arriskuan den espeziea baita. Save ongi!

"Hainbat hitz bikotek jartzen dituzte mendebala eta erdialdea alde batera, eta Ipar Euskal Herria eta euskara nafarra bestera. Hona hemen horietako zenbait: (...) ondo eta hobeto / ongi (Iparraldean untsa) eta hobeki".
(Koldo Zuazo. 2014. Euskalkiak. 240. or.)
“Nik uste Iruñerrian gauza diferenteak zirela ekialdean eta mendebalean, baina gero bazirela puntu komun batzuk. (…) ‘Erran’ eta ‘bertze’ eta ‘anitz’, eta honelakoak. Horiek normalak ziren gure artean, eta beharbada horretaz oroitzea ez da gaizki etorriko gaur egunean. Nik, adibidez, baditut ikasleak ikastolan-eta ikasi dutenak eta joera dutenak ‘ondo’ errateko; ez dakit, Burunda aldean ‘ondo’ erratea ongi dago, baina gero pixka bat kontuan hartu behar dugu nafarrak garela, Iruñean bizi garela eta hemengo euskara nolakoa zen ere hartu behar dugula aintzat, ez?”.
(Patxi Salaberriren solasaldi baten aipua, 1997an egina eta Nafarroako Hizkerak liburuan jasoa. 166. or.)