'Estua'
Ikastolan hazitako gure ikasleak ondo egoten dira, eta, maiz, oso ondo; ongi, ordea, guttitan egoten dira, eta inoiz ez arras edo hagitz ongi. Eta hizketan badakite, edo, batzuetan, berbetan; baina ez da hain ohikoa solasean jakitea.
Ikastolan hazitako gure ikasleak ondo egoten dira, eta, maiz, oso ondo; ongi, ordea, guttitan egoten dira, eta inoiz ez arras edo hagitz ongi. Eta hizketan badakite, edo, batzuetan, berbetan; baina ez da hain ohikoa solasean jakitea.
Ikastolatik
pasaturiko gure ikasleak aurrera eta atzera ibiltzen dira, baina
zailtasun handiago izaten dute aitzinat eta gibelat mugitzeko; arkatza
eta boligrafoa mahai gainean ipintzen dituzte, eta koadernoa ondoan
jartzen, baina neketan paratzen dituzte gauzak inon. Eta zerbait sarri
egitekotan, maiz eginen dute, baina ez geroxeago.
Ikastolako gure
ikasleak, trena heldu dela adituz gero, lasterka (ezen ez tarrapataka)
joanen lirateke, trena honezkero (ezen ez gaurgero) geltokian
dagoelakoan; badatorrela entzunen balute, berriz, lasai geratuko
lirateke (baina, segur aski, ez geldituko) tren-geltokiko tabernan (ez,
aldiz, ostatuan), minutu pare bat dutelakoan.
Gure ikasleak
ikastolara joan, bertan jan eta jolastu, berokia jantzi eta gauzak jaso
egiten dituzte, eta hori guzia (joan, jan, jolastu, jantzi eta jaso)
euskara batuan egin arren, euskara baturako gomendatua ez den ahoskeran
egiten dute.
Nafarroan, ikastolako gure ikasleek badituzte nebak
eta lehengusinak, aitonak eta amonak, baina zailxeago izaten da aitatxi
edo amatxi duenik aurkitzea.
Gure haurrarendako, bideak,
batzuetan, meharrak izaten dira. Eta hori ongi dagoen arren, solas hori
batuan ere ikasi beharko lukeela erran digute. Estua, alegia. Baina,
nire ustez, horixe da problema: zenbaitetan, batua baino gehiago,
euskara estua irakasten dela.
[Berria egunkarian argitaraturiko artikulua, 2013ko apirilaren 9an]
[Neuk markatu ditut zenbait hitz urdinez]
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina