erdal egiturak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
erdal egiturak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016(e)ko abenduaren 19(a), astelehena

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Duguna dantza taldearen queer Olentzero, Iruñeko karriketan.
Horra, horra, gure Olentzeroa!

Seme-alabak despistaturik ditugu. Arras. Olentzeroren papa-noelizazio prozesu amaigabean, Olentzeroz eta Maridomingiz mozorroturiko gizon-emakumeak nonahi agertzen zaizkigu, menditik jaisten, eskutitzak jasotzen, hango eta hemengo eguberri jaialdietan... Haurrak, ez baitira tontoak, laster batean ohartzen dira Olentzerok aurpegi bat baino gehiago duela eta berehala hasten dira galdezka ea zergatik honek tripa handia duen eta atzokoak ez, eta ea zergatik oraingoak aurpegi zikina duen eta lehengo bizarzuriak ez.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Haurren buruhauste horri erantzuteko modurik errazena da esplikatzea Eguberrietan harrien azpitik agertzen diren pertsona mozorrotu horiek ez direla benetako Olentzero. Bere lagunak baizik. Olentzerok nahiko lan baitu egunotan mendian.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Nire ustez, inon pertsonaia euskaldun elebakarrik baldin badago, hori Olentzero da. Edo Olentzero izan beharko litzateke. Baina ez da. Han eta hemen agertzen zaizkigun Olentzero pertsonifikatu horien guztien artean anitz eta anitz gaztelaniaz ere mintzatzen da. Eta Olentzero bera ez bada bere ingurukoak ari dira gaztelaniaz barra-barra. Eta Olentzero zena, "el Olentzero" bilakatzen ari da.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Gaztelaniaz, "la Jennifer", "el Eneko" eta gisakoak erabiltzea arrunkeriatzat hartua da. Baina, noski, oso denbora gutxi behar izan da arrunkeria hori euskarara esportatzeko. Hala, ez dira gutxi euskaraz *Olentzeroa erraten eta idazten dutenak.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Gezurra dirudi, baina gogoratu beharko dugu Olentzero pertsonaia baten izena dela; izen berezia dela beraz; eta euskaraz izen bereziei ez zaiela artikulurik jartzen bukaeran.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

2015(e)ko abenduaren 21(a), astelehena

Azkenez erran dezagun "Azkenik, erran..."

Lehenik, esan joera hau berri samarra dela. Bigarrenik, esan, ez duela heldulekurik euskaraz. Amaitzeko esan, gaztelaniaz ere txartzat joa dela (gaztelaniatik etorria baitugu, antza).
(Patxi Petrirena; 31eskutik.com; 2015/11/30)

Halakoa idatzi zuen aurrekoan Patxi Petrirena itzultzaile eta zuzentzaileak. Eta nik berehala gogoratu nuen unibertsitate garaian horren inguruko zerbait irakurri nuela. Nire liburu zaharren artean begiratu eta El castellano actual, usos y normas izenekoa aurkitu nuen, Manuel Casadorena. Bai, bai, kazetaritza ikasketak gaztelaniaz egin nituen.

Liburua 1988an idatzia da eta, gai honen inguruan, Casadok dio "azken urteetan politikarien eta esatarien ahozko hizkuntzan" zabaltzen ari dela "zenbait aditzen infinitiboaren erabilera arraro bat". "Azkenik, seinalatu, azkenik erran" eta gisakoak "berrikuntzatzat" jotzen ditu Casadok. Eta txartzat, noski.

Aditzaren erabilera oker hark bere bidea egin zuen gaztelaniaz, bai eta euskaraz ere, okerra are gehiago okertuz, euskaraz aditz partizipioa aginduak emateko erabiltzen baita.. Dena dela, nik  erranen nuke gaurko egunean erabilera oker honek jarraitzaile gutxi dituela. Euskadi Irratiko esatarien artean batez ere, nahiz eta EITBren Albiste-testu bikainak lanak akats honetaz ohartarazten duen (Patxi Petrirenak seinalatu duenez).

Eta erraza da akatsa zuzentzea. "Azkenik, erran..." erran beharrean, "Azkenik, erran dezagun..." erran. Edo are hobeki, ezabatu esapidea. Alegia, ez erran erranen duzula. Erran eta kito.


2015(e)ko urriaren 19(a), astelehena

Eskean ibili beharra ere

Eske aspertzen ari naiz.

Eske gonbidatuta nago.

Eske gainera ni izango naiz!

Eske ni zaharrunagoa naiz.

Eske nik ez dakit!

Eske irakurtzen nabil.

Eske gero ni naiz frikia!

Eske pixka bat despistatuta harrapatu nau.

Baina eske gauez nago lanean.

Eske, eske, eske, eske... Barru-barruan dugu Hego Euskal Herriko euskaldunok "eske" hori. Gainera, ESKE idazten dugunez, dena batera eta Krekin, euskarazko hitza dela ematen du. Baina, badaezpada ere, erran dezagun ez dela, gaztelaniazko egitura bat dela, euskaraz erabat tokiz kanpo eta sobera duguna.

Beraz, oraingo honetan, eskean natorkizue, euskara eske-ren zabarkeria horretatik aska dezazuen. Hagitz erraza baita. Gehienetan, nahikoa baituzue "eske" itsusi hori kentzea eta intonazioa egoki erabiltzea.

Egin ezazue proba!


Eske aspertzen ari naiz. => Aspertzen ari naiz.

Eske gonbidatuta nago. Ez zenekien? => Gonbidatuta nago. Ez zenekien?

Eske gainera ni izango naiz! => Gainera ni izango naiz!

Eske ni zaharrunagoa naiz. => Ni zaharrunagoa naiz, aizu.

Eske nik ez dakit! => Ez baitakit!

Eske irakurtzen nabil. => Irakurtzen nabil.

Eske gero ni naiz frikia! => Gero ni izanen naiz frikia!

Eske pixka bat despistatuta harrapatu nau. => Pixka bat despistatua harrapatu nau.

Baina eske gauez nago lanean. => Baina gauez nago lanean.