lexikoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
lexikoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018(e)ko martxoaren 13(a), asteartea

Zoroen batzarra

Lantokian uste ustel bat desaktibatzea egokitu zait, baina ez dakit lortu dudan. Kontua da deialdi baten kartela ailegatu zaigula; Alternatiben Herria antolatzeko batzar nagusi baten ingurukoa, hain zuzen ere. Kartel horretan, handi-handi ageri da "asanblada" hitza. Eta nik protesta egin dut, "asanblada" hitza itsusi mortala delako, eta lankide bati erran diot bere hariak mugitzeko, hurrengo kartelean "batzar" edo "biltzar" erabil ditzaten.

Eta hara non bertze lankide batek erran didan agian "asanblada" nahita darabiltela, "batzar" edo "biltzar" ez erabiltzeagatik, azken bi hitz horiek sexistak direlako. Jakina, lehenbiziko kolpean ez dut harrapatu. Baina gero konturatu naiz bi hitzek "ar" bukaera dutela, A eta R: ar; emea ez dena alegia.

Lankideak azaldu dit batzuen ustez "batzar" eta "biltzar" hitzek erran nahi dutela arrek bat egiten dutenekoa eta biltzen direnekoa, hurrenez hurren. Azalpen fantastikoa iruditu zait eta interneten buzeatuta ikusi dut IRALEkoei ere galdetu zietela ea bi hitz horiek sexistak ote ziren. IRALEkoek, noski, ezetz erran zuten, baina ez zuten zehaztu zein den "ar" horren esanahia.

Nik, badaezpada ere, etimologietan txapelduna den @protoeuskaldun filologo eta txiolariari galdetu diot. Eta berak ere ez du asmatu azalpen garbia ematen. Iluna baita "ar" horren jatorria. Baina horrek ez du erran nahi emearen kontrakoa dela, eta beraz sexista, baizik eta bertzerik gabe aditzetatik izenak sortzeko esanahi gabeko bukaera bat dela.

Agian azalpen hori ez da erabatekoa, sexismoarena bezalakoa, baina hori da daukaguna. Nik, nire aldetik, Euskaltzaindiak, Berriaren estilo liburuak, UZEIk eta halako adituek diotena baino ezin dut errepikatu. Ez erabili "asanblada", eta beldurrik gabe erabili "batzar", "biltzar" edo "bilera".


2018(e)ko urtarrilaren 31(a), asteazkena

Aitatxi, amatxi, amona eta 'yayo'

Ziurrenera, batek baino gehiagok pentsatuko du gaur hemen esplikatuko dudana ez dela bertze munduko deus, baina niri halako ilusioa pizten dit kontuak. Gure gurasoen gurasoei deitzeko moduaz ari naiz.

Izan ere, duela 40 urte-edo ikastolan hasi ginenok gure aita-amen aita-amei euskaraz 'aiton-amona' erran behar zitzaiela ikasi genuen. Kito. Aiton-amona. Euskara batua. Zuzena. Ona.

Geroago, ETB ikusten, ikasi genuen Bizkaian-eta 'aitita' eta 'amama' erraten zietela, beren aldaera fonologiko guztiekin. Eta pixka bat gehiago kostatu zitzaigun jakitea euskara nafarretan bazirela bertze aldaera batzuk, eta horien artean zabalduena 'aitatxi-amatxi' zela. Eta gaurkoan, poztasunez erraten ahal dugu gutxika-gutxika gero eta gehiagotan entzuten ditugula gure haurrak aiton-amonei 'aitatxi' eta 'amatxi' erraten.

Euskarak galdutako lurralde hauetan, inork bultzatu gabe birsortu zaizkigu 'aitatxi' eta 'amatxi'. Baina 'aitona' eta 'amona' baztertu gabe. Izan ere, ez dira gutxi 'aitatxi-amatxi' eta 'aiton-amona' biak ala biak erabiltzen dituztenak aitaren eta amaren gurasoak ezberdintzeko. Gure etxean, adibidez, nire gurasoak 'amatxi' eta 'aitatxi' dira; eta amaren gurasoak, 'amona' eta 'yayo'. Ez ote da ederra.

2018(e)ko urtarrilaren 30(a), asteartea

Hiztegigintzako bozeramaileak

Aurrekoan, txostengintzan ari nintzela, gaztelaniazko "portavocía" hitza euskaraz emateko abagunea gertatu zitzaidan. Hitz itsusia, zatarra, euskararen bizitza osoan lau katuk erabiliko dutena... Badakit. Baina, aizue, nik hitz hori erabili nahi nuen.

Bote lasterrean, "bozeramailetza" bururatu zitzaidan euskarazko baliokidetzat. Baina halakoetan egin ohi dudanez, hiztegira jo nuen, badaezpada ere. Hiztegi Batuan ez zetorren hitz malapartatua, eta hura normaltzat jo nuen. Baina Elhuyar Hiztegian ere ez zuten bildua! Eta horrek harritu ninduen pixka bat.

Elhuyar hiztegian bilatzen ari zaren hitzen bat aurkitzen ez baduzu, aukera ematen dizute hiztegian hitz hori sartzeko proposamena egiteko. Eta halaxe egin nuen. Txintxo-txintxo bete nuen formularioa. Eta beraiek berehala erantzun, baietz, sartuko zutela. Poz handia eman zidan horrek, jakin izanagatik ere hitz itsusia dela, zatarra, euskararen bizitza osoan lau katuk erabiliko dutena. Baina aizue, hor dago, "bozeramailetza", bere sei silabekin.

2017(e)ko azaroaren 9(a), osteguna

Abadeak *konpromezua hartu du *esposaketa *monastegian paratzeko

Pentsatzen dut hizkuntza guztiak bitxikeriaz josita daudela eta horretan gurea ez dela salbuespena. Agian, euskara hizkuntza gutxitu eta gutxiagotua izateak, eta hartara gutxiagotasun konplexuak jota egoteak, bitxikeria kopuru hori ugaritzen du. Ez dakit.

Baina kontua da maiz gertatzen zaigula gaztelaniatik euskarara hitzak pasatzen ditugula, baina nolabait hitz horiek gaztelaniazkoak ez direla gehiegi nabarmendu gabe, eta hortxe ibiltzen garela hitz horiei halako mozorroa paratzen.

Ziur naiz buruan baduzuela halako hitz mozorroturen bat. Nik zer dakit, "*konpromezu", adibidez. Bide luzea egin duen hitz honi norbaitek "-mezu" bukaera jarri zion eta arrakasta txiki bat lortu zuen hitzari hitz elkarketen itxura emanez. Baina "*konpromezu" sortzeko ez ditugu bi hitz elkartu, noski. Hala balitz, argi genuke zer den "mezu" euskaraz. Baina "konpro"?

Antzeko zerbait gertatzen zaio "monasterio" hitzarekin lehian dagoen (eta oraindik Iruñeko karrika izenetan ikus dezakegun) "*monastegi" hitzari. Nonbait, asmatu zutenei iruditu zitzaien "monasterio" horrek euskara itsusten zuela eta "-tegi" atzizkia jarri zioten. Baina "-tegi" etxea bada, zer arraio da "monas"?

Eta bukatzeko, Frankesteinen itxura hartzen diodan bertze bat: "*esposaketa", erakusketa errateko. Antza, sortu zuenari ez zitzaion euskaldunegia irudituko "esposizio" hitza, eta ekintzen ondorioak adierazteko erabiltzen den "-keta" euskal atzizkia baliatu zuen. Ados. Baina "-keta" kenduz gero, denok badakigu gelditzen den "esposatu" aditz horrek ez duela zerikusirik "erakutsi"-rekin, ezta?

Gurean ez ditugunean, ongi dago bertze hizkuntzetatik hitzak maileguan hartzea. Baina, halakoetan, anitzez naturalagoa gelditzen da hitza euskaldunen ahoskatzeko modura moldatzea, gezurrezko mozorroa jartzea baino.

2017(e)ko ekainaren 12(a), astelehena

Garesko zurginak

Urtero-urtero, sanferminak hurbildu ahala, hedabideetan hainbat kronika kostunbrista irensterazten dizkigute: dela tonbola muntatzen hasten direla, dela bestak iragartzeko kartela aukeratzen dugula, dela entzierroko hesiak paratzen dituztela...

Azken gertaera horri dagokionez, belarrietan min pixka bat hartu dut Euskadi Irratiko, Berriako eta Euskalerria Irratiko kronikatxoak entzunda edo irakurrita.

Garesko Hermanos Aldaz zurginek paratu ohi dute entzierroko hesia, ekainaren hasieran. Hala egin dute aurten ere, eta gaztelaniazko hedabideetan 'carpinteros' gora eta 'carpinteros' behera ibili dira. Iruñetik euskaraz eginiko kroniketan, aldatu egin dituzte Aldaztarrek erabili ohi duten materiala, eta zurginak arotz bilakatu dituzte.

Arotz hitzak bi adiera baititu. Batetik, arotza zurgina da, hau da, zurarekin egiten du lan; bertzetik, arotza errementaria da, edo ferratzailea, edo zerrajaria... hau da, metalekin egiten du lan. Bigarren adiera hori Euskal Herriko ekialdean erabiltzen dute, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian alegia. Edo halaxe uste nuen nik! Badaezpada ere, entzun dezagun Iturengo arotza kanta berriz; ea zer egiten duen Erramun Joakinek San kristobal urtuta.



Bada, beti bezala, joareak egin ditu gure Erramun Joakin arotz maiteak. Eta nik dakidala joareak metalez egiten dira. Beraz, arotzek Nafarroan metala lantzen dute, ez zura. Ea, baietz hurrengoan ongi egin!

2017(e)ko maiatzaren 29(a), astelehena

Hain *guapa zaude!


Salbuespenak salbuespen, euskarazko hitzek ez dute genero gramatikala; hortaz, hitzak ez dira maskulinoak edo femeninoak. Nik uste euskaldun guztiok argi dugula kontu hau. Hala ere, gaztelaniaren eraginez, behin eta berriz zartatu egiten dugu euskararen ezaugarri polit hori.

Eta tira, agian kontu honek ez du garrantzi handirik, baina iruditzen zait gure hizkuntza pixka bat itsusten duela. Atzo, Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko kantariak artikulu luze bat idatzi zuen Facebookeko bere orrialdean. Oso-oso barnetik idatzitako artikulua izan zen, Hidalgok aspalditik dituen zintzurreko arazoen berri eman baitzuen. Nik gustura irakurri nuen. Baina sufritu ere sufritu egin nuen, "afonika" gelditzen zela idazten zuen bakoitzean.

Euskaraz, erlats, ahotsik gabe, gelditzen diren gizon zein emakumeak "afoniko" gelditzen baitira. Euskaraz ez du zentzurik emakumeei -A hizkia eta gizonei -O hizkia esleitzeak. Mutila pertxenta izan daitekeen modu berean izaten ahal baita neska potoloa.

Baina erran bezala, joera tonto hori badago, eta behar ez ditugun gaztelaniazko hitzak hartu ez ezik, haien genero gramatikal bikoiztua ere hartzen dute batzuek. Joera horretan txapelduna "guapa-guapo" bikotea da. Euskal hiztunei oso gogorra egiten zaie, antza, neska bati euskaraz "guapo" erratea. Eta, bai, belarrietan gogor jotzen du. Baina halako minik hartu nahi ez badugu, zergatik ez erabili "eder"? Edo "polit"? Edo "lirain"? Edo "panpox"? Edo "apain"? Edo "lerden"?...

2017(e)ko maiatzaren 14(a), igandea

Gibelaren aitzinean

Aurreko batean, Twitterreko solasaldi txotxolo horietako batean, inork galdetu zidan ea ongi iruditzen ote zitzaidan Athleticen futbol zelaiari San Mames Barria deitu izana, eta ez Berria. Nik baietz erantzun nuen. Iruditzen baitzait leku izen berrietan errespetatu behar ditugula tokian tokiko joera linguistikoak eta gure aurrekoek eginiko bidetik segitu behar dugula.

Iruñean badugu euskarazko leku izen berri samar bat euskaldun berri gehienei nahiko iluna eginen zaiena: Gaztelugibela. Halaxe erranda, nik uste oso gutxik asmatuko dutela zein toki den. Gaztelaniaz erranda, arazorik ez: Vuelta del Castillo, edo, iruindarron ahoskeran, Vuelta'l Castillo.

Agian oker nago, baina ematen du kasu honetan gaztelaniazkoaren itzulpena dela euskarazkoa. Ezbairik gabe, hautu egokia egin zuen itzultzaileak. Eta polita. Nafarroan euskarak zapaldu duen lurralde gehienetan ageri baitira 'gibel' hitza duten leku izenak, baita Iruñerrian ere. 'Atzea' hitza gutxiagotan agertzen zaigu. Aldiz, gaur egungo Iruñerriko euskaldunon artean, gehienok 'atzea' erabiltzen dugu eta 'gibel' arras baztertua dugu.

Bada, egin dezagun hemen, berriz ere, euskara batua sinonimo bidez koloreztatzeko aldarria; eta gogora dezagun 'atzea' errateko 'gibel' badugula esku-eskura, eta 'aurrea' errateko, 'aitzin'.


2017(e)ko urtarrilaren 30(a), astelehena

"Gaztan sinestatzen dut"

Duela nahikotxo elkarrizketa egin nion Berria egunkarian Jose Mari Ustarroz Uharte Arakilgoari. Badakizue, urte frankotan Uharteko Artzai Egunaren bultzatzaile nagusia. Ustarrozen zaletasun muturrekoa eta elkarrizketaren nondik norakoak ikusirik, lerroburu bakarra paratzen ahal nion idazlanari: "Gaztan sinestatzen dut".

Halaxe bota zidan euskaraz Ustarrozek, hitzez hitz. Nire ezjakintasunean, pentsatu nuen 'sinetsi' aditza errateko modu jasoa zela 'sinestatu', Ustarrozek mintzatzeko joera apain samarra baitu. Gerora ikasi nuen 'sinestatu' hori Nafarroan 'sinetsi' errateko aldaera dela, gure lurraldearen luze zabalean erabili izan dena eta oraindik erabiltzen dena.

Gaur berean, bertze sakandar jator bati entzun diot hitza. Euskalerria Irratiaren Metropoli Forala saioko Kaletarrak atalean aipatu du Luis Igeltz lakuntzarrak. Eta gaztarekin gogoratu naiz. Eta 'sinestatu' aditzarekin.

Ez dakit gaurko egunean zer-nolako hedadura duen 'sinestatu' aditzak. Eta ez nator honera hura sustatzera. Baina gauza batetaz ohartzea nahiko nuke.

Euskaltzaindiak 'sinetsi' forma lehenesten du. Gure 'sinestatu' polit horri  "Nafarroa" marka jarria dio. Eta 'sinistu' aldaerari "Bizkaia" eta "Gipuzkoa" markak jarriak dizkio. Bai, euskaldun berri maiteok, sinesta iezadazue erraten dizuedalarik, zuen euskarari Mendebaldeko kutsua eman nahi ez badiozue bederen, hobe duzuela ez sinistea, eta bai sinestea. Edo sinestatzea.

2017(e)ko urtarrilaren 23(a), astelehena

Eleganteren dotorezia

Batzuetan ez dago jakiterik zergatik hitz batzuek duten arrakasta eta bertze batzuek, ez. Eta batzuetan ez dakizu zure pertzepzioek errealitatearekin zerikusirik duten ala erabat jota zauden.

'Elegante' eta 'dotore' adjektiboei buruz ari naiz.

Berez, "itxuraren, moldeen, janzkeren edo apainduren egokitasunagatik bereizten dena" adierazteko hitz nagusi bat dugu euskaraz: 'dotore'. Baina sentsazioa dut Hegoaldeko euskaldunen artean gehiago erabiltzen dela 'elegante' 'dotore' baino.

Agian oker nago. Zuek erranen didazue. Baina nik hemen adierazi nahi nuena zen harrigarria egiten zaidala nola anitzetan gaztelaniara jotzen dugun euskaraz ditugun hitzen ordezkoak bilatzeko. Batere beharrik gabe, nire ustez.

Esanahiari dagokionez, ez dut alderik ikusten euskarazko 'dotore' eta gaztelaniazko 'elegante' adjektiboen artean. Eta formari dagokionez, neuri bederen, hitz politak iruditzen zaizkit biak ala biak, eta indar berekoak. Beraz, Esne Bideko planeta guztiak lerrokatzen diren gutxietan, zergatik erran Osasunak partida elegantea egin duela, partida dotorea egin duela erraterik dugunean?

Galdera erretorikoa da, noski. Baina gustatuko litzaidake inork erantzuteko dotorezia izatea.

2016(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Huelgaren kontrako greba

Batek daki zergatik baina Nafarroa Garai ondoko erkidego autonomoko irrati publikoaren esatariek, lanuztea adierazteko, ez ohi dute 'greba' hitza ahoskatzen, gaztelaniazko 'huelga' baizik.

EITBk badauka irrati eta telebistarako halako eskuliburu bat Albiste testu bikainak izenekoa. Liburu horrek ez du ematen lexiko gomendiorik, baina bertan erabiltzen dituzten adibide anitzetan agertzen da 'greba' hitza. Behin ere ez da 'huelga' hitza agertzen.

Beraz, pentsatzekoa da esatarien ekimenez erraten dutela 'huelga' eta ez 'greba'. Erabaki horren gibelean zein arrazoi izan daitekeen, ordea, ez dut harrapatzen nik.

Geroz eta hitz gehiago onartzen dituen Euskaltzaindiaren hiztegian ez da 'huelga' hitza agertzen; Elhuyarren ere ez. 'Greba' agertzen da euskal hiztegietan. Mailegu bat da 'greba', frantseseko 'grève' hitzatik heldu dena.

Eta baten batek erranen du: "Bada, batetik badugu gaztelaniazko 'huelga' eta bertzetik badugu frantsesetik datorren 'greba'. Biak maila berean daude, eta beraz biak dira euskaraz erabiltzekoak".

Nire ustez, arrazoi historikoei begiratuta, biak ez daude maila berean.

Espainiarrek 'gerrilla' izeneko borroka mota asmatu zuten. Eta horregatik 'gerrilla' hitza erabiltzen dugu euskaraz. Modu berean, 'greba' hitzari dagokion kontzeptua frantsesek asmatu zutenez, nire ustez hitz hori erabili beharko genuke euskaraz.

Dirudienez, Parisen, Sena ibaiaren eskuineko bazterrean, bazen legarrez beteriko plaza bat. Plaza hari Place de la Grève erraten zioten, noski, eta exekuzioak egiteko erabiltzen zuten. Gainera, plaza hartan biltzen omen ziren lan bila ibiltzen ziren langileak. Hala, hasiera batean, 'greba egin' esamoldeak 'lana bilatu' erran nahi zuen. Baina XIX. mendean esanahia aldatu zen. Orduan, lanuztea egiten zuten langileak plaza horretara biltzen ziren eta hortik heldu da gaur egungo adiera.

Bada, bakarrik azalpen polit horrengatik merezi du 'huelga' bazter uztea eta 'grebari ekitea.


2016(e)ko azaroaren 13(a), igandea

"Si eske da super aisa!"

Aurreko batean, Donamarian (Malerreka, Nafarroa), 8-9 urteko bi haur entzun nituen hizketan, parke batean, euskaraz barra-barra. Poztu nintzen, noski. Euskararendako esperantzarik badela, eta halako pentsamendu baikorrak iltzatu zitzaizkidan buruan, haurrei entzunda.

Harik eta haietako batek erran zuen arte: "Si eske da super aisa!". Une horretan zer edo zer edaten aritu izan banintz, ur jauzia aterako zitzaidakeen ahotik. Esaldi xelebre hark ederki kolpatu baininduen. Lehenbiziko kolpean, bederen. Gero, baikortasunerantz jo nuen berriz ere.

Behintzat, haurrak "aisa" erabili zuen. Ez zuen sobera ongi erabili, baina erabili zuen. Erran nahi baita, 'erraz' adberbioaren sinonimo bat erabili zuen, eta erakutsi zuen sinonimorik gabeko euskara batu grisetik ateratzerik badagoela.

'Aisa' edo 'aise' adberbioak 'errazki' erran nahi du. "Horrek aisa bukatuko du lana". Adibide horretan, 'aisa' jartzen duen tokian 'erraz' edo 'errazki' jar dezakegu. "Horrek erraz bukatuko du lana".

'Aisa' agertzen den guztietan erabiltzen ahal da 'erraz'. Aldiz, 'erraz' agertzen den guztietan ezin da 'aisa' jarri. 'Aisa' ezin baita adjektibo gisa erabili. Hau da, "Lan hori oso erraza da", erran dezakegu. Ez, ordea, "Lan hori oso *aisa da". Bai, bai, haurrak halaxe erabili zuen 'aisa', adjektibo moduan. Baina, aizue, erran dut bi haurrak euskaraz barra-barra ari zirela. Barkatuko diegu txikikeria hau, ezta?

2016(e)ko irailaren 19(a), astelehena

Beti liskarretan, beti sesioan

Maria Solana Nafarroako Gobernuaren eledun berriari eginiko elkarrizketa entzun dut Euskalerria Irratian. Bozeramaile gisa hasi baino lehenago eskuinak sortu duen polemikaren inguruan izan dira lehenbiziko galderak. Aurrekoan, Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan ere horri buruz galdetu zioten kazetariek; baina orduko hartan, Solanak ez zuen erantzun nahi izan, eta elkarrizketan azaldu du zergatik ez zuen egin.

"Gobernu sesioaren osteko prentsaurrekoa" zela esplikatzen hasi da Solana, eta orduan irudi bitxia sortu da nire burmuinean. Asterix eta Obelixen herrixkako bizilagunak nola, halaxe irudikatu ditut Gobernuko kideak, liskar batean, oihuka, irainka, kolpeka... Dinba, danba!

Horixe baita sesioa: liskarra, tirabira, ika-mika, kalapita, eztabaida, borroka... Zoritxarrez, erdararen eraginez, ahanzturaren eremuan sartzen ari den esanahia da. Baina akatsa nahiko zabaldua egonagatik ere ez dugu zertan etsi.

Eledun berriarekin, Nafarroako Gobernuaren komunikazioak hobera eginen duela uste dut, gaztelaniaz zein euskaraz. Baina hori bai, batez ere euskarazko jardunean, hitz batzuk ongi eta zuzen nola erraten diren ikasi beharko du Solanak.

Beraz, gaztelaniazko "sesión de Gobierno" errateko "Gobernu saioa" edo "Gobernu bilera" erabili beharko luke bozeramaileak. Baldin eta egunen batean, benetan, bilera horietako bat oihuka bukatzen ez badute.

2016(e)ko ekainaren 6(a), astelehena

"Kriston martxa dabil!"

Ez diogu, noski, [Euskalerria Irratiko zuzendari eta esatari] Mikel Bujandari gaurkoan entzunen "kristoren eguna" eginen duela, maiatzaren 40ra ailegatu gabe ere 26-27 gradu izanen ditugun arren.

Baina lasai asko gerta daiteke ondoren kirolariren bat elkarrizketatzea eta hark botatzea "kriston denboraldia" egin dutela, edo aktore batek erratea "kriston aukera" dela beretako Madrilen eskaini dioten antzezlana. Halakoak sarri entzuten ditugu irratian, euskaraz ere erregistroak badirela kontuan hartzen ez dutenen ahotan.

Gatzik eta piperrik gabeko hizkuntza eraikitzen ari baikara, eta goitik eta behetik berdintzen, erregistroak galtzeraino.

Arrunkeria da 'kristoren', lagun artean erabiltzekoa. Eta ez luke lekurik izan behar erregistro formal batean. Beraz, irrati formal batean gutxitan entzun beharko litzateke.

'Kristoren' edo 'kriston', literalki eta gaztelaniaz, 'del Cristo' da. Edo nahi baduzue, 'de la hostia'. Eta nik ezin dut irudikatu Real Madrileko jokalari bat Espainiako irrati batean erraten que han hecho una temporada de la hostia, ez bada Txapeldunen Liga irabazi ostean alkohol artean botatako adierazpen euforikoa. Horixe baita erregistroa, egoeraren arabera eta solaskidearen arabera hizkuntza moldatzeko modua.

Erregistro informaleko euskaratik erregistro formaleko euskarara hitzak eramanez ez dugu hizkuntza jasoa aberasten eta lortzen dugun bakarra da lagun arteko hizkera edukiz hustea. Eta, sinets iezadazue, euskarak oso beharrezkoa du 'kristoren' hori gordetzea tabernan hartu dugun azken pintxo ikaragarria kalifikatzeko edo izugarri ongi pasatzen ari garela adierazteko.


2016(e)ko maiatzaren 30(a), astelehena

Nahasmenaren baratzean ereiten

Zenbat listu eta zenbat hatz marka ez ote dugun gastatu E hizki baten kontura, Iruñea eta Iruña izenen inguruko eztabaida amaigabean! Oraingoan ez naiz berriz ur uher horretan sartuko, baina bertze E hizki baten aldarria eginen dut, bai horixe.

Euskalerria Irratiak badu iragarki bat, lorezaintza produktuak saltzen dituen Adaxka enpresarena, baratze hitzarekin gauza xelebrea egiten duena. Pier Paul Berzaizen kanta ezagunarekin hasten da iragarkia, estribilloarekin, "Baratze bat nahi deizüt egin...". Baina gero, esatariak "baratza" darabil etengabe, E gabe.

Latineko 'paradisum' hitzetik omen datorren BARATZE euskal hitzak E bat du bukaeran. Zer eginen diogu, bada! Hala ere, hiztun askoren ahotan E hori galtzen du, eta baratza bilakatu. Bueno, E bat gora, E bat behera, ez da deus ere gertatzen. Hortxe ditugu gaztelaniazko HUERTA eta HUERTO. Baina E-dun baratzea bizirik dagoen bitartean, idatzizko euskaran eta erregistro jasoan, ureztatzen jarraitu beharko genuke, ez?

Bertzenaz, kazetari bati eta udal bateko txiolari bati gertaturikoa gertatuko zaizue. Jakoba Errekondoren @bizibaratzea Twitter kontuaren berri eman nahi izan zuten, baina baratze hitza beraiek ahoskatzen duten gisan idazteagatik, gaizki eman zuten helbidea. Kontuz halakoekin.


2016(e)ko martxoaren 6(a), igandea

Zerbait frogatzeko proba

Batzuetan halakoak gertatzen dira. Gaztelaniak bi modutan ezberdintzen ditu arrainak: batetik arrantzatu gabeko arrainak ditugu ('peces') eta bertzetik, arrantzaturikoak ('pescados'). Berez, arrain polit bat segundo batean pasatzen ahal da 'pez' izatetik 'pescado' izatera, uretatik arrantzalearen saskira, kanabera tarteko. Eta hiztunak lasai asko ezberdinduko ditu bi kontzeptuak, nahiz eta bi hitzak oso antzekoak izan eta jatorri etimologiko ia bera izan. Eta, jakina, ez da gaztelaniaren kontra gaizki esaka hasiko.

Euskaldunoi, ordea, zenbait kontzeptu barneratzea kostatzen zaigu. Adibidez, 'froga' eta 'proba' hitzak oso antzekoak dira, jatorri etimologiko bera dute, baina, ene bada, a zer nolako saltsa sortzen duten!

FROGA hitzak esanahi bakarra du: zerbait egia dela finkatzeko edo egiaztatzeko balio duen gauza.

PROBA hitzak, baina, hainbat esanahi ditu:
- Etsamina da, azterketa: atariko proba, ahozko proba...
- Dema da, norgehiagoka: idi-proba, kirol proba...
- Esperimentua da: laborategi proba., DNA proba...
- Behin-behineko ekintza bat da, akatsak-eta zuzentzeko: inprimategi proba, soinu proba...

Eta proba horiek guztiek, behin eginda, zer edo zer frogatuko dute: atariko probak frogatuko du ea hurrengo azterketa egiteko gai garen; giza probak frogatuko du zein den indartsuena; laborategiko probak frogatuko du aldez aurretik egin dugun hipotesia egia ote den; soinu probak frogatuko du kontzertua hasteko moduan garen ala ez...

Alegia, proba, arrantzatu eta gero, froga bilakatuko da.


2016(e)ko otsailaren 29(a), astelehena

Ikaragarria!

Batzuek garbizale deitzen diete euskararen altxorrera jada bildurik dauden hitzak erabiltzen tematzen direnei. Baina kontrakoa egiten dutenei nola deitu beharko genieke? Alegia, nola izendatu euskarak dagoeneko dituen hitzak baztertu eta inguruko erdaren hitz ustez adierazkorragoak erabiltzen dituztenei? Zikinzale?

Konparazio batera, Twitterren ehizaturiko esaldi batzuk:

- "Atzokoa berriz be brutala"
- "Brutala Durango!"
- "Egun brutala ixengo da gaurkue"
- "Dokumentu hau brutala da"
- "Bideoklip berriaren grabaketan... Brutala argazkia!!"
- "Brutala! Egia brutala delako..."
- "Ez daukagu hitzik, atzokoa deskribatzeko...BRUTALA SONDIKA!!!"
- "Arazoa ez da soilik etxe-kopurua. Aroztegiaren lur-okupazioa brutala da".

Ez erran 'brutala' hitza euskarazko esaldietan hainbertze aldiz entzutea irrigarri egiten ez zaizuenik.

Kontua da euskarazko esaldi horiei adierazkortasuna eman nahian-edo gaztelaniara jo dutela hori idatzi dutenek. Baina euskara ehuneko ehunean erabili izan balute ere esaldiok adierazkorrak baino adierazkorragoak ziratekeen.

- "Atzokoa berriz be ikaragarria"
- "Egun izugarria ixengo da gaurkue"
- "Bideoklip berriaren grabaketan... Itzela argazkia!!"
- "Kristona! Egia kristona delako..."
- "Aroztegiaren lur-okupazioa alimalekoa da"

Euskarazko hitzak erabilita zer edo zer galdu dugu bidean? Nik ezetz erranen nuke.

2016(e)ko urtarrilaren 17(a), igandea

Erran-Erran irratia

Memoriari tira egin behar nion eta erran behar nuen Txari Eleta irrati esataria Pleistozenoan-edo ezagutu nuela, Euskaldunon Egunkaria-ren Nafarkaria gehigarrian argitaratzeko egin nion elkarrizketa batean.

Gero, gogoratu dut Nafarkaria osoa eskaneaturik eta eskuragai duela Euskaltzaindiak eta bilaketak argitu dit elkarrizketa hura 1998ko irailaren 18an argitaratu genuela. Beraz, ez, Txari ez nuen Pleistozenoan ezagutu, Pliozenoan baizik.

Emititzen hastear zegoen Esan-Erran irratiaren esataria izanen zen Txari eta horren karietara egin nion elkarrizketa. Eta lehen galdera, irratiaren izenaren inguruan: "Zer dela eta Esan-Erran izena?".

Txarik azaldu zidan irratia eremu zabal batean entzunen zela, euskara ezberdinak biltzen zituen batean, eta eremu horretako euskara guztietan erabiltzen zen hitz edo soinu bat aurkitzea zaila egin zitzaienez, azkenean, Esan-Erran bikotea aukeratu zutela. Basaburuan eta Imotzen esan erabiltzen baitute eta Ultzaman, Anuen eta Lantzen, erran.

Aski ongi dakizuenez, Euskalerria irratiko esataria da Txari aspalditik. Iruñerriko irrati honi izena aldatu behar izanen baliote -libra gaitzala Bujandak hartatik!-, baina aldatu behar izanen baliote, Erran-Erran irratia deitu beharko liokete. Dirudienez, ez baitago zalantza handirik Iruñerri osoan erran egiten zutela, eta ez esan, bertako euskara oraindik bizirik zegoelarik.

2014(e)ko abenduaren 27(a), larunbata

Errotazismoaren ortzadarra

Sentitzen dut, baina euskara nafarrean errotazismoa eginen dugu; hau da, zenbait hitzetan, -st- soinua beharrean -rtz- soinua eginen dugu. Eta sentitzen dudala erran dut; izan ere, euskara nafarrean sartzen diren zenbait euskalduni kostatzen baitzaie errotazismoan sartzea. "Izanen" eta "eginen" erranen dute; "norendako" erabiliko dute "norentzat" beharrean; gehiagotan erabiliko dute "aitzinean", "aurrean" baino. Baina, aizu, ez "bertze", ez "ortzegun" eta ez "bortz". Bortitzegia egiten omen zaie, Jauzi handiegia.

     Hartara, eta hemen egiten dugun proposamena urratsez urratsekoa denez, errotazismoan sartzeko lehenbiziko pauso gisa proposatzen diegu "ortzadar" erabiltzea Erromako zubia izendatzeko, eta ez "ostadar".

     Hiztegi Batuan Lap. eta Naf. markak jarri zizkioten "ortzadar" hitzari, bai eta "ostadar" forma hobetsi ere. Euskaltzaindiaren Hiztegian (2012) marka geografikoei eutsi zieten, baina ez ziguten erran hobe genuela "ostadar" erabiltzea (hori bai, fenomeno atmosferikoaren definizioa "ostadar" hitzarekin heldu da, eta "ortzadar" sarreran zuzenean "Ostadarra" erraten digute). Beraz, hortxe dugu aukera errotazismoan modu erraz batean sartzeko.