Seme zaharrena iragan irailean hasi zen eskolan eta, nolabait, gure etxeko euskara eraman zuen berarekin. Baina gutxika-gutxika aldatzen ari zaio hori. Konparazio batera, duela ez asko 'niretzat', 'zuretzat' eta gisakoak erraten hasi da, etxean 'niretako', 'zuretako' eta halakoak erraten ditugun tokian.
Alegia, NORENDAKO erabili beharrean, NORENTZAT erabiltzen hasi da. Anitzetan aipatu izan dugun kontua da. Norentzat aldaera da euskara batuan destinatibo kasurako aukeratu zena. Eta ongi dago, noski. Baina Nafarroaren parte handi batean Noréndako edo Norendáko erabili izan da eta erabiltzen da oraindik ere. Eta, nire ustez, iruñerritar euskaldun berri batek Norendako erabili beharko luke, kontuan hartu behar baitugu non bizi garen eta hemengo euskara nolakoa zen.
Eta zein da arazoa? Bada, bertako nolabaiteko euskaran egiteko txipa gutxi batzuok badugula bakarrik. Eta gure seme-alaben irakasle euskaldun berri gehienek ez dutela koherentzia falta ikusten gaztelaniaz 'chaquetica' (eta ez 'chaquetita') erratearen eta euskaraz 'norentzat' (eta ez 'norendako)' erratearen artean.
Tira, bederen, semeak oraindik 'erran' eta 'bertze' hitzei eusten die. Ea zenbat irauten duen!
Eutsi fuerte! Gure inguruan ere(Gipuzkoa mendebaldetik hara) "norendako" forma da nagusi. Egunkarirako artikuluak idaztean ere zuzentzaileek sistematikoki "zuzentzen" naute -DAKO/TAKO atzizkiak -TZAT-ekin, baina nik neureari eutsi (batuan ere onartua baitago).
ErantzunEzabatu