joskera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
joskera etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017(e)ko abenduaren 14(a), osteguna

"Euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea gezurra da"

euskaljakintza.com
Lankide bat etorri zait gaurkoan, laguntza eske. Esaldi bat zuen esku artean, eta hobetu nahi zuen, indar handiagoa emateko. Erabilitako hitzei erreparatzea nahi zuen berak, baina niri arreta bertze norabaitera joan zait hasierako kolpean.

Honatx jatorrizko esaldia:

"Urte luzetan maitasuna elkarbanatuz bizitzen eta ataka gogorrei tinko aurre egiten ikasi dugu".

Eta, tira, ez da sobera esaldi luzea, 13 hitzekoa bakarrik. Baina lehenbiziko entzunaldian niri belarriak eskatu dit aditza aitzinera pasatzea, aurrera. Eta horrela uztea esaldia:

"Urle luzetan ikasi dugu maitasuna elkarbanatuz bizitzen eta ataka gogorrei tinko aurre egiten".

Iruditzen baitzait aditza aurreratuta hobeki ulertzen dela esaldia, berriz entzun behar izan gabe. Baina lankideari laster atera zaio protestatxoa: "Baina euskaraz aditza beti bukaeran doa". Eta nire erantzuna izan da hori mito bat baino ez dela. Baina datu gehiago ezin izan ditut eman.

Zorionez, interneten bilaketa arin bat eginda aurkitu dut Bittor Hidalgo ikerlariak eginiko azterketa bat. Hidalgok aditzaren ordena aztertu zuen makina bat testutan, testu klasikoak zein gure garaikoak. Bada, bere azterketako estatistiken arabera "euskaraz aditza esaldi amaieran ematen da kasuen %28an". Ehuneko altua da hori gaztelaniarekin, frantsesarekin edo ingelesarekin alderatuta. Baina ez da %30era ere ailegatzen. Beraz, argi dago aditza ez dela beti bukaeran egoten. Eta are gutxiago, ez du zertan egon. Aditza normalean erdian agertzen zaigu, kasuen %55ean.

Hidalgori elkarrizketa egin zioten Argian, ikerketaren harira, eta honako honekin laburbildu zuten kontua:


"Euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea gezurra da"

Edo nahiago baduzue:

"Gezurra da euskaraz aditza esaldiaren atzean doala dioen legea"

2017(e)ko urtarrilaren 15(a), igandea

Mila esker urte osoan gure ondoak izanagatik

Berandu natorkizue urte berria zoriontzera. Baina, tira, hortxe doa: URTE BERRI ON!! Mila esker aurreko urte osoa nire ondoan izanagatik. Ezin zaituztet jasan, astun hutsak zarete, aspergarriak arras... Baina hala ere, mila esker!

Ez duzuela deus ere ulertu? Normala.

Nik eskerrak eman nahi nizkizuen, nahiz eta urte osoan nire ondoan egon zareten, pega-pega eginda, bizkarroien gisara. Alegia, egitura kontzesibo bat egin dut. Hau da, esaldi batek oztopo edo eragozpen bat adierazten duen arren (zuek guztiak aspergarri hutsak zaretela), eragozpen hori ez da nahikoa zuei eskerrak ez emateko.

Baina zergatik segitzen duzue tutik ere ulertu gabe? Bada, jende askok eta askok 'izanagatik' eta 'izateagatik' formak nahasten dituztelako. Itxuraz gauza bera ematen dute, baina esanahia zeharo ezberdina dute.

Erran bezala, 'izanagatik' forma kontzesibo bat da, eta 'izan arren' edo 'nahiz eta izan' erran nahi du. Aldiz, 'izateagatik' kausazko forma bat da eta 'zergatik' galderari erantzuten dio zuzen-zuzenean.

Beraz, gauza bat da erratea nik asko maite zaituztedala zuek beti nire ondoan izanagatik ere, hauda, beti nire ondoan zaudeten arren. Eta bertze gauza bat da erratea nik asko maite zaituztedala beti nire ondoan izateagatik, hau da, beti nire ondoan zaudetelako.

Entelegatan duna?

2016(e)ko irailaren 26(a), astelehena

Larikera

Euskalerria Irratian euskararen inguruan jaurtitzen ditudan harri hauek guztiak blog batean dituzue irakurgai, Hagitz ongi! izenekoan hain zuzen ere. Inork haraino nabigatu nahi badu, bertan aurkituko ditu nire kolaborazio guztiak.

Beñat Sarasola olerkari eta literatur kritikariaren testu bat ere du jasoa blog horretan, duela pare bat urte Berria egunkarian argitaraturikoa. Artikulu horretan, Sarasolak azken bi hamarkadetako nafar idazle euskaldunen lana goraipatzen du, bai mamiari dagokionez, bai eta azalari dagokionez ere. Azalaren inguruan, Sarasolak larikera deitzen dio idazle horiek landu duten hizkuntza ereduari. Izan ere, idazle horiek, denborazko perpausak egiteko erruz erabiltzen dute -LARIK atzizkia.

Alegia, "gazte nintzenean" idatzi edo erran beharrean, nafarrok "gazte nintzelarik" egiten dugula maiz. Eta egon lasai, bata zein bertzea erabilita gauza bera erraten ari baikara.

Beraz, kontuan hartu zuen euskara batuari nafar kolore pixka bat eman nahi diozuelarik, larikeran ere igeri egin beharko duzuela.

2016(e)ko apirilaren 3(a), igandea

'Supercalifragilisticexpialidocious'

Ea, saia gaitezen: "Superkalifragilistikoespialidoso". Ez da hain zaila izan, ezta? Mary Poppins filma hainbat aldiz ikusi izan baduzue, gainera, buruz jakinen duzue batere esanahirik gabeko hitz luze hori. Esanahiaren arrastorik ere ez diozue hartuko, baina ahoskatzen gai izanen zarete ziur.

Bada, antzeko zerbait gertatu zitzaidan aurrekoan Euskaltzaindiaren Twitter kontu ofizialetik idatzi zuten esaldi batekin.

"Euskara biziberritzeari buruzko gogoetari jarraipena emateko aldirako lantaldea sortu du Euskaltzaindiak"

Ez da oso esaldi luzea. Hamaika hitz ditu; hamar gehi bat, alegia. Euskaraz idatzirik dago. Gramatikalki zuzena da. Baina esaldi horrekin zer erran nahi zuten ulertzeko hainbat aldiz irakurri beharko genuke.

"Euskara biziberritzeari buruzko gogoetari jarraipena emateko aldirako lantaldea sortu du Euskaltzaindiak"

Modu ulergarriago batean jartzerik bazegoen, ezta?

Kontua da Euskaltzaindiak lantalde bat sortu duela, euskara biziberritzeari buruz hausnartzen jarraituko duena. Horrela erranik ulergarriagoa da, ezta? Bi gauza egin ditugu esaldia hobeki uler dadin: batetik, aditz nagusia aurrera pasatu dugu; eta bertzetik, "gogoetari jarraipena eman" itsusi mortal hori "hausnartzen jarraitu" bilakatu dugu. A, ta "aldirako" hitza ezabatu dugu, ez baitugu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan aurkitu.

Horra hor, bada, esaldi ulergarriagoak egiteko hiru gomendio txiki:
1) Behar izanez gero, aditz nagusia ahalik eta gehien aurreratu.
2) Ekintza bat adierazteko aditza erabili, ez izena.
3) Ez erabili hiztegietan agertzen ez diren hitzak.

Ongi?

Eta, orain, kantatu gurekin:

Superkalifragilistikoespialidoso
Euskara biziberritzeari buruzko
gogoetari jarraipena emateko aldira
-ko lantaldea sortu du Euskaltzaindiak