2016(e)ko otsailaren 8(a), astelehena

#Badamolagu

Sare sozialetan hizkuntza bizi-bizi agertzen zaigu. Eta bizitasun horretan, maiz, hizkuntzarekin zerikusia duten jolas dibertigarri anitz sortzen da. Konparazio batera, euskarari dagokionez, urteak dira hiztunek adizki trinko berriak asmatzeari ekin ziotela: "datsegit", "damolat" eta gisakoak. @trinkotzaindia izeneko profil bat sortua dago Twitterren eta han biltzen dira asmaturiko asko eta asko.

Badute arazo bat, ordea.

Berriz erranen dut esaldi hau.

Badute arazo bat.

Eta berriz.

Badute.

Adizki trinkoak perpausaren hasieran edo osagarririk gabe doazenean, ezin dira bakarrik jarri. Halakoetan nahitaezkoa dute BA- aurrizkia.

Alegia, "atsegin dut" errateko "datsegit" adizki trinkoa asmatzen baldin badugu, eta horretarako euskarak adizki trinkoak sortzeko duen arauari segitzen baldin badiogu, adizki trinko hori bakarka idazten badugu, edota esaldiaren hasieran, hor ere euskararen barne logikari segitu beharko diogu, eta aurretik BA- paratu.

Burutazio bat duenak ez du "Dakit!" oihukatuko, "Badakit!" baizik.

Bazkaltzera deiturik dagoen gaupaseroak ez du "Noaaaaa!" erranen, baizik eta "Banoaaaaaa!".

Bada, modu berean, ikusten ari denarekin zur eta lur gelditzen ari denak "Badaflipat" erran beharko luke eta ez "daflipat". Eta Facebookeko argazki moloiaren inguruan "Badatsegit!" bota beharko genuke, eta ez "datsegit".

Badulerzue?


Irene Arrarats (@ulaiar), Berria egunkariko zuzentzaile eta itzultzailea, Argia aldizkariak argitaraturiko Prosa aproposa gurea? erreportajean.

“Lizentziak hartzeko ere, araua behar da; araua hausteko ere, araua behar duzu. Araua, berez, ez da Euskaltzaindiaren bilduma horretan agertzen dena bakarrik. Araua da hizkuntzaren logikaren barrenean dagoena. Damolat edo dizerdit asmatzea ederra da, euskararen bizi-indarraren seinale, baina ez bazaigu ateratzen, pentsatu ere egin gabe, badamolat esatea, banoa esaten den bezala, bada, problema da arrotza zaigula euskararen sistema, eta, beraz, sistemarik gabe, hots, hizkuntzarik gabe geratzeko arriskua dugula”.

1 iruzkin: