Batek
daki zergatik baina Nafarroa Garai ondoko erkidego autonomoko irrati
publikoaren esatariek, lanuztea adierazteko, ez ohi dute 'greba' hitza
ahoskatzen, gaztelaniazko 'huelga' baizik.
EITBk badauka irrati eta telebistarako halako eskuliburu bat Albiste testu bikainak
izenekoa. Liburu horrek ez du ematen lexiko gomendiorik, baina
bertan erabiltzen dituzten adibide anitzetan agertzen da 'greba' hitza. Behin
ere ez da 'huelga' hitza agertzen.
Geroz eta hitz gehiago onartzen dituen Euskaltzaindiaren hiztegian ez da 'huelga' hitza agertzen; Elhuyarren ere ez. 'Greba' agertzen da euskal hiztegietan. Mailegu bat da 'greba', frantseseko 'grève' hitzatik heldu dena.
Eta baten batek erranen du: "Bada, batetik badugu gaztelaniazko 'huelga' eta bertzetik badugu frantsesetik datorren 'greba'. Biak maila berean daude, eta beraz biak dira euskaraz erabiltzekoak".
Nire ustez, arrazoi historikoei begiratuta, biak ez daude maila berean.
Espainiarrek 'gerrilla' izeneko borroka mota asmatu zuten. Eta horregatik 'gerrilla' hitza erabiltzen dugu euskaraz. Modu berean, 'greba' hitzari dagokion kontzeptua frantsesek asmatu zutenez, nire ustez hitz hori erabili beharko genuke euskaraz.
Dirudienez, Parisen, Sena ibaiaren eskuineko bazterrean, bazen legarrez beteriko plaza bat. Plaza hari Place de la Grève erraten zioten, noski, eta exekuzioak egiteko erabiltzen zuten. Gainera, plaza hartan biltzen omen ziren lan bila ibiltzen ziren langileak. Hala, hasiera batean, 'greba egin' esamoldeak 'lana bilatu' erran nahi zuen. Baina XIX. mendean esanahia aldatu zen. Orduan, lanuztea egiten zuten langileak plaza horretara biltzen ziren eta hortik heldu da gaur egungo adiera.
Bada, bakarrik azalpen polit horrengatik merezi du 'huelga' bazter uztea eta 'grebari ekitea.
Maila berekoak direlako, agian? (biak maileguak, bata frantsesetikoa eta bestea espainoletikoa).
ErantzunEzabatu