2018(e)ko urtarrilaren 31(a), asteazkena

Aitatxi, amatxi, amona eta 'yayo'

Ziurrenera, batek baino gehiagok pentsatuko du gaur hemen esplikatuko dudana ez dela bertze munduko deus, baina niri halako ilusioa pizten dit kontuak. Gure gurasoen gurasoei deitzeko moduaz ari naiz.

Izan ere, duela 40 urte-edo ikastolan hasi ginenok gure aita-amen aita-amei euskaraz 'aiton-amona' erran behar zitzaiela ikasi genuen. Kito. Aiton-amona. Euskara batua. Zuzena. Ona.

Geroago, ETB ikusten, ikasi genuen Bizkaian-eta 'aitita' eta 'amama' erraten zietela, beren aldaera fonologiko guztiekin. Eta pixka bat gehiago kostatu zitzaigun jakitea euskara nafarretan bazirela bertze aldaera batzuk, eta horien artean zabalduena 'aitatxi-amatxi' zela. Eta gaurkoan, poztasunez erraten ahal dugu gutxika-gutxika gero eta gehiagotan entzuten ditugula gure haurrak aiton-amonei 'aitatxi' eta 'amatxi' erraten.

Euskarak galdutako lurralde hauetan, inork bultzatu gabe birsortu zaizkigu 'aitatxi' eta 'amatxi'. Baina 'aitona' eta 'amona' baztertu gabe. Izan ere, ez dira gutxi 'aitatxi-amatxi' eta 'aiton-amona' biak ala biak erabiltzen dituztenak aitaren eta amaren gurasoak ezberdintzeko. Gure etxean, adibidez, nire gurasoak 'amatxi' eta 'aitatxi' dira; eta amaren gurasoak, 'amona' eta 'yayo'. Ez ote da ederra.

2 iruzkin:

  1. Amatxi eta aitatxi oso hitz politak dira. Nik sakanan entzun ditut maiz. :-)
    Mesedez, utziko didazue irudi hori wikipediara igotzen. "Aitite eta amama" abestiaren kantuan jarri nahiko nuke. Aitite eta amama" pozik egongo dira "Amatxi eta aitatxi"ren alboan, ez da?

    https://eu.wikipedia.org/wiki/Aitite_ta_amama

    CC-BY-SA eman beharko diozue. hau da, edonork erabili ahalizango du, baina norena den zehaztura, hori bai. ;-)

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Zera, irudi hori internetetik hartu nuen duela ia hiru urte. Batek daki norena den! 🤷🏻‍♂️

      Ezabatu