2017(e)ko maiatzaren 14(a), igandea

Gibelaren aitzinean

Aurreko batean, Twitterreko solasaldi txotxolo horietako batean, inork galdetu zidan ea ongi iruditzen ote zitzaidan Athleticen futbol zelaiari San Mames Barria deitu izana, eta ez Berria. Nik baietz erantzun nuen. Iruditzen baitzait leku izen berrietan errespetatu behar ditugula tokian tokiko joera linguistikoak eta gure aurrekoek eginiko bidetik segitu behar dugula.

Iruñean badugu euskarazko leku izen berri samar bat euskaldun berri gehienei nahiko iluna eginen zaiena: Gaztelugibela. Halaxe erranda, nik uste oso gutxik asmatuko dutela zein toki den. Gaztelaniaz erranda, arazorik ez: Vuelta del Castillo, edo, iruindarron ahoskeran, Vuelta'l Castillo.

Agian oker nago, baina ematen du kasu honetan gaztelaniazkoaren itzulpena dela euskarazkoa. Ezbairik gabe, hautu egokia egin zuen itzultzaileak. Eta polita. Nafarroan euskarak zapaldu duen lurralde gehienetan ageri baitira 'gibel' hitza duten leku izenak, baita Iruñerrian ere. 'Atzea' hitza gutxiagotan agertzen zaigu. Aldiz, gaur egungo Iruñerriko euskaldunon artean, gehienok 'atzea' erabiltzen dugu eta 'gibel' arras baztertua dugu.

Bada, egin dezagun hemen, berriz ere, euskara batua sinonimo bidez koloreztatzeko aldarria; eta gogora dezagun 'atzea' errateko 'gibel' badugula esku-eskura, eta 'aurrea' errateko, 'aitzin'.


2017(e)ko apirilaren 23(a), igandea

Bai, horixe!

30 urte baino gehiago duzuenok gogoratuko duzue telebistako sintonia hau:



Bai, horixe! Duela 30 urte inguruko telebista saioa, helburu pedagogiko bat zuena: euskara irakastea. Halaxe deskribatzen dute Youtuben atal guztiak eskuragai jarri dituztenek: "Zaharkitu samarra, pezetak, auto zaharrak, KRISTO GUZTIA ERRETZEN, VHS zintak, moda xelebre hori eta aldatu den arau linguistikoren bat (oso gutxi, handia baitzara Euskaltzaindia), baina bertze berriago bat sortu arte, hauxe da dagoena eta nahiko ongi dago, erritmoa du, ahoskatzeko ezinbertzekoa dena, eta Euskal Herriko jende ezagun anitz agertzen da".

Nik onartu behar dut bere garaian, nerabe euskaldun alfabetatua izanagatik ere, ahal nuen guztietan ikusten nuela. Gustuko nuen. Bai, horixe!

Izen ederra paratu zioten saioari. Bai, horixe! Gaurko egunean "noski baietz" erderakada bertzerik entzuten ez den garaian, gogoratzekoa da euskarazko esamolde jatorra "bai, horixe" dela. Bertzeak, duela gutxi arte arte bederen, ez omen zuen tradiziorik. Gaur, kontrakoa dirudi, "noski baietz" baino ez baita entzuten. Tradizioak aldakorrak dira. Eta "noski baietz" onartu behar baldin badugu, bada, onartuko dugu. Baina, aizue, ez dezagun bertzea betiko baztertu. Ez, horixe!

Eta nahi izatera, hauek ere erabiltzen ahal dituzu: Bai, noski! Bai, jakina! Horixe baietz!

2017(e)ko martxoaren 27(a), astelehena

Euskara topera!!

Gauza jakina da Googleren itzulpen zerbitzuak ez duela bereziki ongi funtzionatzen euskara ekuazioaren faktoreetako bat delarik. Hala ere, Googlera jo dut gaztelaniazko esamolde baten euskal ordain baten bila. 'A tope' euskaraz nola ematen duen jakin nahi nuen. Bada, erantzunak ez du ez hanka eta ez buru. Baizik eta ipurdi. Alegia, 'ipurdi' hitza ematen duela 'a tope' esamoldearen ordain gisa. Batek daki zergatik!

Kontua da ETBko hirugarren kateak 'topera' esamoldea darabilela bere publizitate kanpainetan. Eta esamolde horrek, euskaraz, ez du ez hanka, ez buru, ezta ipurdi ere.

Bistan denez, gaztelaniazko 'a tope' esamoldea hartu dute eta sudur puntan (edo ipurtzuloan) jarri zaien moduan euskaratu dutela. 'Topera'. Guay! Molatxen mogoiloi!

Asko pentsatu gabe, 'primeran' esamoldea datorkit burura 'a tope' errateko. Primeran! Gaztelaniatik mailegatua da. Beraz, primeran! Baina kasu honetan ez du balio, hiru zenbakia duen telebista bati gaizki baitatorkio bat zenbakiarekin loturiko hori.

Beraz, pixka bat gehiago pentsatuta, agian 'jo ta ke' erabil genezakeen. Edo agian ez, politikoki sobera markaturik baitago. 'Su ta gar' orduan? Ez, ez, musika talde bat da. Bada, 'jo ta su'. Eta kito!

Edo, bertzenaz, ETBko publizistek buruari eragin diezaiotela eta pentsa dezatela bertze bat. Baina, mesedez, ez dadila gaztelaniazkoaren bertze itzulpen baldar bat izan.


2017(e)ko martxoaren 6(a), astelehena

"Irakurtzen dut?"

Uste dut ez dela lehenbiziko aldia kontatzen dudala nire seme nagusia euskara batekin sartu zela eskolan, eta gutxika-gutxika ari zaiola euskara hori aldatzen. Konparazio batera, aurreko batean "sartu ahal dut" bat bota zuen, nik ustez irakatsi nizkion "sartzen ahal dut" eta "sar dezaket" erran beharrean. Aldaketa hori ez zait gustatzen. Baina tira, gaizki ere ez dago.

Bertze aldaketa batzuk, ordea, ez ditut onartzen ahal, ikaragarri trakesten baitute bere hizkuntza. Eskolara sartu baino lehen primeran egiten zuen aditzaren aspektua. Hau da, telebista saio bat ikusten bukatzen zuelarik "ikusi dut" erraten zuen; saio hori egunero ikusten bazuen, "ikusten dut" erraten zuen", eta saioa gero ikusi behar bazuen, "ikusiko dut" erraten zuen. Bikain. Normal.

Baina orain, behin baino gehiagotan harrapatu dut "hasten naiz" erraten "hasiko naiz" erran behar duen tokian. Adibidez, anaiarekin jolasean ari delarik eta berak nahi duelarik lehenbiziko hasi.

Ez dakit azalpen hauek eman behar diren, oso agerikoak baitira. Baina emanen ditut. Badaezpada ere. Ea nire seme nagusiarengan halako eragin linguistiko txarra duen helduak entzuten dituen.

Lehenik eta behin, oso garbi izan behar dugu euskara hizkuntza bat dela eta gaztelania bertze hizkuntza bat dela. Eta hori garbi baldin badugu, aise ulertuko dugu euskaraz hasi ez den ekintza bat adierazteko geroaldia erabili behar dugula nahitaez. Eta beraz, irakurri behar duzun gauza bat oraindik irakurtzen hasi ez bazara, ezin duzula "irakurtzen dut?" galdetu, "Irakurriko dut?" baizik.

Ados?

2017(e)ko otsailaren 19(a), igandea

"No te olvides de ponerte el beroki al salir de la gela para ir al jantoki"

Ez dakit inoiz erran dudan, baina nik hemen botatzen ditudanak ez dituzue zertan irentsi, e. Erran nahi baita ez da nahitaezkoa zuek nire iritziekin bat egitea noski, jakin baitakit harrikada ederrak jaurtitzen dituela nire burmuinak.

Konparazio batera, jasangaitz egiten zait mintzatzerakoan hizkuntzak nahastea. Hori hala da.

"No te olvides de ponerte el beroki al salir de la gela para ir al jantoki".

Ezin dut. Benetan ezin dudala. Eta harrigarria egiten zait nola, haurren inguruko solasetan, ia bakarrik hiru hitz horiekin gertatzen den hau. "El beroki", "la gela" eta "el jantoki". Ez baituzu inor entzunen halakoak erraten:

"Tápate bien las belarris con el txano antes de salir a la kale". Erridikulua litzateke, ezta? Bada, aipatu hiru hitz horiekin gertatzen ari da.

Kontrako bidean, euskaldunek barra-barra sartzen dituzte gaztelaniazko hitzak euskarazko esaldietan. Hainbertze, berehalakoan desagertzen baita erridikulu sentsazioa.

Errate baterako, nahiz eta guraso erdaldun enrollatuek gaztelaniaz "gela" erraten duten, euskaldunek euskaraz "klase" erraten dute maiz. Eta, tira, ikasle eta irakasleen esparrua izendatzeko "klase" hitza sartu behar badugu euskal hiztegietan, bada, sartuko dugu. Baina ez dezagun ahantz toki horiei "gela" edo "ikasgela" ere deitzen ahal diegula. Ados?


2017(e)ko urtarrilaren 30(a), astelehena

"Gaztan sinestatzen dut"

Duela nahikotxo elkarrizketa egin nion Berria egunkarian Jose Mari Ustarroz Uharte Arakilgoari. Badakizue, urte frankotan Uharteko Artzai Egunaren bultzatzaile nagusia. Ustarrozen zaletasun muturrekoa eta elkarrizketaren nondik norakoak ikusirik, lerroburu bakarra paratzen ahal nion idazlanari: "Gaztan sinestatzen dut".

Halaxe bota zidan euskaraz Ustarrozek, hitzez hitz. Nire ezjakintasunean, pentsatu nuen 'sinetsi' aditza errateko modu jasoa zela 'sinestatu', Ustarrozek mintzatzeko joera apain samarra baitu. Gerora ikasi nuen 'sinestatu' hori Nafarroan 'sinetsi' errateko aldaera dela, gure lurraldearen luze zabalean erabili izan dena eta oraindik erabiltzen dena.

Gaur berean, bertze sakandar jator bati entzun diot hitza. Euskalerria Irratiaren Metropoli Forala saioko Kaletarrak atalean aipatu du Luis Igeltz lakuntzarrak. Eta gaztarekin gogoratu naiz. Eta 'sinestatu' aditzarekin.

Ez dakit gaurko egunean zer-nolako hedadura duen 'sinestatu' aditzak. Eta ez nator honera hura sustatzera. Baina gauza batetaz ohartzea nahiko nuke.

Euskaltzaindiak 'sinetsi' forma lehenesten du. Gure 'sinestatu' polit horri  "Nafarroa" marka jarria dio. Eta 'sinistu' aldaerari "Bizkaia" eta "Gipuzkoa" markak jarriak dizkio. Bai, euskaldun berri maiteok, sinesta iezadazue erraten dizuedalarik, zuen euskarari Mendebaldeko kutsua eman nahi ez badiozue bederen, hobe duzuela ez sinistea, eta bai sinestea. Edo sinestatzea.

2017(e)ko urtarrilaren 23(a), astelehena

Eleganteren dotorezia

Batzuetan ez dago jakiterik zergatik hitz batzuek duten arrakasta eta bertze batzuek, ez. Eta batzuetan ez dakizu zure pertzepzioek errealitatearekin zerikusirik duten ala erabat jota zauden.

'Elegante' eta 'dotore' adjektiboei buruz ari naiz.

Berez, "itxuraren, moldeen, janzkeren edo apainduren egokitasunagatik bereizten dena" adierazteko hitz nagusi bat dugu euskaraz: 'dotore'. Baina sentsazioa dut Hegoaldeko euskaldunen artean gehiago erabiltzen dela 'elegante' 'dotore' baino.

Agian oker nago. Zuek erranen didazue. Baina nik hemen adierazi nahi nuena zen harrigarria egiten zaidala nola anitzetan gaztelaniara jotzen dugun euskaraz ditugun hitzen ordezkoak bilatzeko. Batere beharrik gabe, nire ustez.

Esanahiari dagokionez, ez dut alderik ikusten euskarazko 'dotore' eta gaztelaniazko 'elegante' adjektiboen artean. Eta formari dagokionez, neuri bederen, hitz politak iruditzen zaizkit biak ala biak, eta indar berekoak. Beraz, Esne Bideko planeta guztiak lerrokatzen diren gutxietan, zergatik erran Osasunak partida elegantea egin duela, partida dotorea egin duela erraterik dugunean?

Galdera erretorikoa da, noski. Baina gustatuko litzaidake inork erantzuteko dotorezia izatea.

2017(e)ko urtarrilaren 15(a), igandea

Mila esker urte osoan gure ondoak izanagatik

Berandu natorkizue urte berria zoriontzera. Baina, tira, hortxe doa: URTE BERRI ON!! Mila esker aurreko urte osoa nire ondoan izanagatik. Ezin zaituztet jasan, astun hutsak zarete, aspergarriak arras... Baina hala ere, mila esker!

Ez duzuela deus ere ulertu? Normala.

Nik eskerrak eman nahi nizkizuen, nahiz eta urte osoan nire ondoan egon zareten, pega-pega eginda, bizkarroien gisara. Alegia, egitura kontzesibo bat egin dut. Hau da, esaldi batek oztopo edo eragozpen bat adierazten duen arren (zuek guztiak aspergarri hutsak zaretela), eragozpen hori ez da nahikoa zuei eskerrak ez emateko.

Baina zergatik segitzen duzue tutik ere ulertu gabe? Bada, jende askok eta askok 'izanagatik' eta 'izateagatik' formak nahasten dituztelako. Itxuraz gauza bera ematen dute, baina esanahia zeharo ezberdina dute.

Erran bezala, 'izanagatik' forma kontzesibo bat da, eta 'izan arren' edo 'nahiz eta izan' erran nahi du. Aldiz, 'izateagatik' kausazko forma bat da eta 'zergatik' galderari erantzuten dio zuzen-zuzenean.

Beraz, gauza bat da erratea nik asko maite zaituztedala zuek beti nire ondoan izanagatik ere, hauda, beti nire ondoan zaudeten arren. Eta bertze gauza bat da erratea nik asko maite zaituztedala beti nire ondoan izateagatik, hau da, beti nire ondoan zaudetelako.

Entelegatan duna?

2016(e)ko abenduaren 19(a), astelehena

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Duguna dantza taldearen queer Olentzero, Iruñeko karriketan.
Horra, horra, gure Olentzeroa!

Seme-alabak despistaturik ditugu. Arras. Olentzeroren papa-noelizazio prozesu amaigabean, Olentzeroz eta Maridomingiz mozorroturiko gizon-emakumeak nonahi agertzen zaizkigu, menditik jaisten, eskutitzak jasotzen, hango eta hemengo eguberri jaialdietan... Haurrak, ez baitira tontoak, laster batean ohartzen dira Olentzerok aurpegi bat baino gehiago duela eta berehala hasten dira galdezka ea zergatik honek tripa handia duen eta atzokoak ez, eta ea zergatik oraingoak aurpegi zikina duen eta lehengo bizarzuriak ez.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Haurren buruhauste horri erantzuteko modurik errazena da esplikatzea Eguberrietan harrien azpitik agertzen diren pertsona mozorrotu horiek ez direla benetako Olentzero. Bere lagunak baizik. Olentzerok nahiko lan baitu egunotan mendian.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Nire ustez, inon pertsonaia euskaldun elebakarrik baldin badago, hori Olentzero da. Edo Olentzero izan beharko litzateke. Baina ez da. Han eta hemen agertzen zaizkigun Olentzero pertsonifikatu horien guztien artean anitz eta anitz gaztelaniaz ere mintzatzen da. Eta Olentzero bera ez bada bere ingurukoak ari dira gaztelaniaz barra-barra. Eta Olentzero zena, "el Olentzero" bilakatzen ari da.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Gaztelaniaz, "la Jennifer", "el Eneko" eta gisakoak erabiltzea arrunkeriatzat hartua da. Baina, noski, oso denbora gutxi behar izan da arrunkeria hori euskarara esportatzeko. Hala, ez dira gutxi euskaraz *Olentzeroa erraten eta idazten dutenak.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

Gezurra dirudi, baina gogoratu beharko dugu Olentzero pertsonaia baten izena dela; izen berezia dela beraz; eta euskaraz izen bereziei ez zaiela artikulurik jartzen bukaeran.

Horra, horra, gure Olentzeroa!

2016(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Huelgaren kontrako greba

Batek daki zergatik baina Nafarroa Garai ondoko erkidego autonomoko irrati publikoaren esatariek, lanuztea adierazteko, ez ohi dute 'greba' hitza ahoskatzen, gaztelaniazko 'huelga' baizik.

EITBk badauka irrati eta telebistarako halako eskuliburu bat Albiste testu bikainak izenekoa. Liburu horrek ez du ematen lexiko gomendiorik, baina bertan erabiltzen dituzten adibide anitzetan agertzen da 'greba' hitza. Behin ere ez da 'huelga' hitza agertzen.

Beraz, pentsatzekoa da esatarien ekimenez erraten dutela 'huelga' eta ez 'greba'. Erabaki horren gibelean zein arrazoi izan daitekeen, ordea, ez dut harrapatzen nik.

Geroz eta hitz gehiago onartzen dituen Euskaltzaindiaren hiztegian ez da 'huelga' hitza agertzen; Elhuyarren ere ez. 'Greba' agertzen da euskal hiztegietan. Mailegu bat da 'greba', frantseseko 'grève' hitzatik heldu dena.

Eta baten batek erranen du: "Bada, batetik badugu gaztelaniazko 'huelga' eta bertzetik badugu frantsesetik datorren 'greba'. Biak maila berean daude, eta beraz biak dira euskaraz erabiltzekoak".

Nire ustez, arrazoi historikoei begiratuta, biak ez daude maila berean.

Espainiarrek 'gerrilla' izeneko borroka mota asmatu zuten. Eta horregatik 'gerrilla' hitza erabiltzen dugu euskaraz. Modu berean, 'greba' hitzari dagokion kontzeptua frantsesek asmatu zutenez, nire ustez hitz hori erabili beharko genuke euskaraz.

Dirudienez, Parisen, Sena ibaiaren eskuineko bazterrean, bazen legarrez beteriko plaza bat. Plaza hari Place de la Grève erraten zioten, noski, eta exekuzioak egiteko erabiltzen zuten. Gainera, plaza hartan biltzen omen ziren lan bila ibiltzen ziren langileak. Hala, hasiera batean, 'greba egin' esamoldeak 'lana bilatu' erran nahi zuen. Baina XIX. mendean esanahia aldatu zen. Orduan, lanuztea egiten zuten langileak plaza horretara biltzen ziren eta hortik heldu da gaur egungo adiera.

Bada, bakarrik azalpen polit horrengatik merezi du 'huelga' bazter uztea eta 'grebari ekitea.