Inoiz aipatu izan dugu hemen sekula trinkotu ez diren aditzak modu trinkoan emateko jolas polit hori. Badakizue, 'damolat', 'dizerdit', datsegit' eta horiek guztiak asmatzekoa. Beharbada, jolas horretatik sortuko dira gero benetan egunerokoan erabiliko ditugun adizkiak. Batek daki.
Baina adizki trinko berriak asmatzen ibili gabe, dagoeneko existitzen direnen artean badaude asko eta asko oso erabiltzekoak direnak, eta agian behar baino gutxiago darabiltzagunak. Gaur honera dakardan adizki trinkoa ez nuke zaku horretan sartuko. Erruz erabiltzen da, molde ia ihartu baten bidez. Baina, zoritxarrez, gaizki darabilgu anitzetan.
Ene bada, barkatuko didazue itzuli-mitzulia. 'Dagokio' formari buruz ari naiz. Egon aditzaren adizki trinko hau maiz darabilgu, batez ere deklinaturik, baina bere erabilera oker bat zabaltzen ari da. Izan ere, kontu bati buruz bagagozkio, "horri dagokionez" esamoldea primeran datorkigu makulu moduan, kontuaren izena behin eta berriz ez errepikatzeko.
Halakoetan, 'dagokio' ZEREZ kasuan deklinatu behar da, eta 'dagokionez' erabili. Baina gaztelaniaren eraginez, ez dira gutxi 'dagokionez' beharrean 'dagokionean' darabilten hiztunak. "En lo que respecta" baitute buruan. Eta ez, oso garbi izan behar dugu "dagokionean" horrek denbora adierazi nahi duela, noiz galderari erantzuten diola. Eta beraz, kontu honi dagokionez, kontu honi dagokionean mintzatuko gara, hau da, kontu honi dagokion unean. Ez dakit ongi azaldu dudan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina