2016(e)ko maiatzaren 16(a), astelehena

Nork jagoten ditu jagoleak?

Euskaltzaindia dugu euskararen inguruko arauak ezartzeko erakundea. Eginkizun hori aitortua diote instituzioek, bai eta euskaldun gehien-gehienek ere. Eta kontuan izanik bi euskaldun dauden tokian hiru iritzi ezberdin daudela, batez ere hizkuntzaren inguruko kontuetan, nire ustez, hagitz egiteko zaila du Euskaltzaindiak eta, horregatik, ez dut gustuko hari egurra ematea.

Baina badira enbor batzuk bai ala bai moztu behar direnak. Konparazio batera, Euskara ibiltaria izeneko erakusketa zabaldu zuen Euskaltzaindiak aurrekoan Bilbon, eta aurkezpen ekitaldia iragartzeko kartelean bi akats egin zituzten.

Doktorego tesi baterako emanen luke batzuek daukaten ezintasunak, euskarazko testua duen kartel perfektu bat egitea eragozten dienak. Baina ezintasun hori Euskaltzaindiak berak izatea, edo haren izenean kartel bate egiten duen norbaitek izatea! Eskandaluzkoa da.

Aipaturiko kartel horretan, Euskaltzaindiak berak ezarritako 35. eta 37. arauak urratu zituen Euskaltzaindiak. Orduak eta datak euskaraz nola adierazi behar diren zehazten dute arau horiek.

Kartelean horrela agertzen da idatzirik:

2016ko MAIATZAK 3an 19:00ean

Eta Euskaltzaindiaren arauen arabera, horrela agertu beharko litzateke idatzirik:

2016ko MAIATZAREN 3an, 19:00etan

Nik dakidala kartela ez zuten zuzendu. Akats bikoitza, beraz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina