2015(e)ko abenduaren 14(a), astelehena

Baina nork arraio aparkatzen ahal du hemen?

Zenbat barre eta zenbat algara egiten dugun euskaraz gaizki idatzitako bide seinale eta askotariko kartelen inguruan. Gauza ona da gutaz barre egitea, nahiz eta batzuetan ematen duen gutaz trufa egiten ari direla benetan.

Anitzetan, kaleko karteletako akatsen erantzulea bere lana gaizki egin duen erdaldun bat da, utzikeriagatik edo nagikeriagatik euskaldun hiztun on baten laguntza bilatu ez duena. Baina ez da beti hala izaten. Euskaldunek ere barreneraino sartzen dute hanka kalean betiko agertu behar duten testuetan.

Konparazio batera, Iruñeko Alde Zaharraren inguruetan badira bide seinale batzuk aparkatzeko debekua ezartzen dutenak. Salbuespen bat ezarrita. Gaztelaniaz "excepto residentes" irakurrita, badakigu debeku horrek ez diela bizilagunei eragiten. Baina euskarazko testua bakarrik irakurriko bagenu, ze arraio!, pentsatuko genuke inork ere ezin duela hor aparkatu, aparkatzeko debekuaren seinalearen azpian "bizilagunak ez ezik" idatzi baitute. Hau da, bizilagunez gain, bertze inork ere ez du han aparkatzen ahal. Beharrik euskaldun guztiok gaztelania ulertzen dugun, ezta?

"Bizilagunak izan ezik" idatzi behar zuten hor, eta ez "Bizilagunak ez ezik". Akats hori euskaldun batek eginen zuen ziurrenik, hiztegian "excepto"-ren euskarazko baliokidea zein den begiratzeko beharrik ez duela pentsatu zuen euskaldun batek.

Nahasmen handia baitago, EZ EZIK, IZAN EZIK eta EZIK esapideen artean.

Ea argi dugun:

- EZ EZIK esapideak gehitu egiten du, eta erran nahi du aurretik aipatutakoaz gain, hurrengoa ere badela ekintzaren protagonista. Adibidez: "Miren ez ezik, Mirenez gain, bertze guztiak ere etorri dira".

- Bertze aldetik, IZAN EZIK esapideak "salbu" erran nahi du. Hau da, salbuespena ezartzen du. Adibidez: "Baldintza guztiak bete ditu, bigarrena izan ezik, bigarrena salbu".

- Eta, azkenik, EZIK esapideak "ezean" erran nahi du. Adibidez: "Zuk lagundu ezik, zuk lagundu ezean, ez dut lana inoiz bukatuko".

Bide seinale egileek ikasiko ahal dute!





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina