Kartel bat euskaraz idatzita ikusi eta akatsez josia dagoela ohartzea, dena bat izaten da anitzetan. Tamalez. Eta halakoetan zalantza handia sortzen zait: akats horiek seinalatu eta, beraz, utzikeria salatu behar da? Ala ontzat joko dugu kartelak ele bitan egiteko ahalegina
Ez dakit giza eskubideen kartan ba ote dagoen akatsik gabeko kartelak izatearen eskubidea; baina ez badago, sartu beharko litzateke, eta euskaldunok behin eta berriz aldarrikatu beharko genuke.
Bada, oraingoan publizitate pixka bat eginen diet akats egileei eta horrela ez dute nire egurtzea hain gaizki hartuko.
Zaku lasterketa mundiala! Lizasoko Ultzama baserri eskolan, urriaren 4an, igandearekin. Zaku lasterketa mundiala. Guiness liburuaren errekorra hausten saiatuko gara. ¡¡Hire zai gaude!!
Nola?
"Hire zai gaude". Lehenbizi "hire" paratu dute, HI pertsonari dagokion izenordaina. Baina gero aditza ez dute hitanora pasa. Gaizki eginda. HI pertsona erabiliz gero behartuta baikaude adizki alokutiboa erabiltzera; kasu honetan gaudek edo gauden. Hortaz, "Hire zain gaudek!", "Hire zain gauden!".
Ongi dago publizitatean erregistro neutrotik ateratzen saiatzea eta hitanoaren indarra baliatzea. Baina, aizue, ez badakizue erabiltzen, utzi bakean. Beraz... Zure zain gaude!
----------
POST SCRIPTUM: Aipaturikoaz gain, iragarkiak baditu bertze hamaika akats. Ezetz denak aurkitu!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina