Uler bekit, mesedez, orain erranen dudan gehiegikeria, e, baina Arnaldo Otegi kartzelatik ateratzeak izan zuen zerbait txarra, eta hura izan zen 'burutu' aditza berriz ere erruz erabiltzen hastea. Gaizki erabiltzea, noski.
Google bilatzailean 'Arnaldo Otegi' eta 'burutu' hitzak bilatu eta 15.300 emaitza azaltzen baitira. Gehiegi. Eta gehienetan gaizki erabilia.
'Buru' izenak eta aditzak sortzeko '-tu' atzizkiak osatzen dute 'burutu' aditza. Horri kasu eginez, jatorrian bederen, zerbait buru bilakatzea erran nahi du 'burutu' aditzak. Horregatik, garia aletzea, hau da, gariari burua ateratzea, garia burutzea da.
Gero, 'burutu' aditzak hartu ditu bertzelako esanahiak. Orotariko Euskal Hiztegiak hamahiru zerrendatzen ditu. Baina, aizue, horien artean ez da 'egin' ageri. Erran nahi baita 'egin' eta 'burutu' ez dira sinonimoak.
Zerbait bururaino eramatea erran nahi du 'burutu' aditzak. Alegia, bukatu, amaitu.
Beraz, "Gaur ETB1en burutu didaten elkarrizketa" bezalako esaldiak gaizki daude. Hor 'egin' aditzak agertu beharko luke, eskubide osoz.
Eta emandako azalpen hauek guztiak ulertzen ez badituzue, egin ezazue neuk egiten dudana: ez erabili 'burutu' sekula.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina