2015(e)ko azaroaren 2(a), astelehena

Bat-batean Marteko lagun bat etorri zitzaigun bisitan

"Me he comprado un helado", erran zigun Marteko lagunak. Eta Martekoa balitz bezala begiratu genion.

Eta barkatuko didazue gaztelaniara salto egin izana, baina arestian aipaturikoa da nik nire ikasleei beti jartzen diedan adibidea. Zuek lagunartean inoiz "Me he comprado un helado" erraten duzue? Ez, ezta? "Me comprao un helao" erraten duzue. Tira, batzuek "helao" erranen dute eta bertze batzuek, "helau". Baina badakizue zer adierazi nahi dudan, ezta?

Erran nahi baita Euskal Herriko euskaldunak garela uste badugu euskaldunen gisara mintzatzen hasi beharko dugu. Hau da, kontrakzioak egiten hasi beharko dugu, hitzak elkartzen, silabak jaten, gure ahoskerari melodia ematen.

Iragan urriaren 31n, bertsolaritzaren inguruko saio berria estreinatu zuten Hamaika telebistan: Bat-batean. Iruñerrian oraindik ez dugu telebista hori ikusten ahal, eta beraz ez dakit nola ahoskatzen duten saioaren izenburua. Idatzi, ongi idatzi dute: bat, gidoitxo, batean. Ahoskatu, "bapatean" ahoskatu beharko lukete.

Izan ere, 1994an Euskaltzaindiak arau batean ezarri zuen "bapatean", "biñipein" eta "batipat" esapideak "bat-batean", "behinik behin" eta "batik bat" idatzi behar zirela. Idatzi. Arau berean Euskaltzaindiak gogorarazi nahi izan baitzuen esapide horien ahoskera betiko legeen arabera egin behar dela.

Baina, betiko moduan, penduluarena egin zuten askok eta halako esapideak idatzi bezala ahoskatzen hasi ziren. Eta gaurdaino.

Beraz, mesedez, aparkatu espazio ontzia, ongi aparkatu ere, eta lagunartean zein familia artean bederen, has gaitezen euskaldun lurtarren moduan hitz egiten. Ados?

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina