2015(e)ko urtarrilaren 18(a), igandea

- Komunera joan naiteke? - Ez, ez zara joaten ahal.

Kazetaritzatik irakaskuntzara jauzi egin nuelarik gauza anitzek harritu ninduten, noski; baina izan zen bat bereziki bitxia egin zitzaidana. Bigarren Hezkuntzako irakaslea nauzue eta nire lehenbiziko esperientzian (2008/2009 ikasturtean, Berriozarren) zur eta lur gelditu nintzen 2. mailako ikasleak komunera joateko baimen eskea euskaraz txukun egiteko gai ez zirela ikustean.

     "Komunera joan naiteke?". Oso galdera erraza dirudi [erantzuna ere erraza du: ezezkoa beti; baina hori bertze hariko ezpala da]. Bada, ez. Nolako ezintasuna erakusten zuten ikasleek! Ikastolakumea nauzue eta, nik dakidala, barne-barneraino sartu ziguten "Komunera joan naiteke" esamolde hori, bai eta ahalera egiteko bertze adizki erraz batzuk ere. Baina nire ikasle haiek ez zituzten ahaleraren adizkiak erabiltzen. Ez. AHAL IZAN perifrasia egiten zuten -ahalerako adizki zailak saihesteko tranpa-; baina ez ekialdeko eran, hau da, "joaTEN ahal naiz" -NG iparraldeko baserritar eskolatugabeen ahotan anitzetan entzun izan dudana-, baizik eta jatorri eta erabilera eremu jakinik ez duen "joaN ahal naiz" gatzgabea.

     Eta xelebrekeria biribiltzeko, gaztelaniaren kalkoa eginez, "Komunera joan ahal naiz?" galdetu beharrean, "*Ahal naiz joan komunera?" erraten zuten. Eta biribila lauki batean sartzeko, halako zerbait idatzi behar zutelarik, AHAL beharrean *AL idazten zuten. Aaaggghhhhh!!!

     Zertan bereizten dira JOAN NAITEKE eta JOATEN AHAL NAIZ aldaerak? Batek daki. Antza, hizkuntzalari guztiak ez datoz bat (horixe dio Euskal Gramatika Osoa-k). Bada, hiztun bakoitzak erabaki dezala zertan ezberdin du ala ez. Hori bai, nik uste biak jakin eta erabili beharrekoak direla eta, perifrasia erabiltzerakoan, geure euskarari dagokion perifrasia erabili.

     BAIEZKOAN => "Komunera joaTEN AHAL NAIZ"
     EZEZKOAN => "Ez NAIZ komunera joaTEN AHAL"


Bide batez, erran dezagun...

Ahalerako, subjuntiboko eta aginterako aditz perifrastikoetan, aditz nagusia ADITZOIN gisa erabiltzea lehenetsi zen euskara batuan. ADITZ PARTIZIPIOA erabiltzea ez dago gaizki, baina bertzea hobetsi zen euskara baturako.
 
     ADITZOINA erabilita => "Etor haiteke" / "Etor hadin" / "Etor hadi"
     PARTIZIPIOA erabilita => "Etorri naiteke" / "Etorri hadin" / "Etorri hadi"

Bada, mendebaldeko euskalkien indarraren eraginez, aditz partizipioa ari da erabat gailentzen. Baina ekialdean aditzoina erabili beharko litzateke, horixe duelako berezkoa eta horixe delako euskara baturako aukeratu zena.

1 iruzkin: