2015(e)ko urtarrilaren 2(a), ostirala

Eginen dugu?

Solaskide berria nongotarra den berehalakoan jakin nahi izaten dugu euskaldunok. Batzuetan zuzen-zuzenean galdetzen diogu, eta bertze batzuetan asmatzen saiatzen gara bere euskararen nolakotasunak aintzat hartuta. Bada, euskara batua ikasi dugun euskaldunok zerbait egin beharko dugu jolas horretan sartu nahi badugu, ez?

     Erranen nuke orain aipatuko dudan ezaugarria dela euskara nafarra hobekien identifikatzen dutenetako bat. Izan ere, "eginen", "izanen" edota "emanen" entzun bezain laster, nafarra ez den solaskideak berehalaxe igarriko du aitzinean duen hegoaldetarra nafarra dela. Ez ote da gauza polita?
  
     Eta erraza! Aditzaren bitartez geroaldia adierazi nahi dugularik, aditz partizipioari "-GO" jarri beharrean "-EN" jarriko diogu. Hau da, "-N"z edo "-L"z bukatzen diren aditz nagusiei "-GO" erantsi beharrean "-EN" erantsiko diegu.
 
     EGINGO DUGU => EGINEN DUGU
     IZANGO GARA => IZANEN GARA
     HILKO DA => HILEN DA
 
     Kasu! Ez egin nahasketa aldrebesik eta ez jarri "-EN" bukaera oso Mendebaldekoak diruditen aditzei. Beraz, ez erabili "*Irtenen gara", baizik eta "Irtengo gara"; edota "Aterako gara".

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina