Facebook-eko horman, lagun batek “Erran esaten dutela erraten
duten nafarrak” taldearekin bat egin duela ikusi dut. Errezeloz, neuk
ere Bat egin botoia sakatu dut. Aldian-aldian tokatzen baitzaigu azalpenak ematea “bertze’-z eta bertzeez.
“Zuk zergatik esaten duzu ‘bertze’?”, galdetzen dute iruñerritar ezjakinek. Galdera beren buruei egin beharko liekete, noski: ea zergatik ez duten beraiek “bertze” egiten. Eta, halakoetan, beti gogorarazten dizkiet Word-eko dokumentu batean kopiaturik ditudan Patxi Salaberri euskaltzainaren aspaldiko hitz batzuk:
“Nik uste Iruñerrian gauza diferenteak zirela ekialdean eta mendebalean, baina gero bazirela puntu komun batzuk. (…) ‘Erran’ eta ‘bertze’ eta ‘anitz’, eta honelakoak. Horiek normalak ziren gure artean, eta beharbada horretaz oroitzea ez da gaizki etorriko gaur egunean. Nik, adibidez, baditut ikasleak ikastolan-eta ikasi dutenak eta joera dutenak ‘ondo’ errateko; ez dakit, Burunda aldean ‘ondo’ erratea ongi dago, baina gero pixka bat kontuan hartu behar dugu nafarrak garela, Iruñean bizi garela eta hemengo euskara nolakoa zen ere hartu behar dugula aintzat, ez?”.Hizkuntzalariak izan gabe, filologiaren arrastorik ñimiñoena izan gabe, hainbat euskaldun berri ohartu gara horretaz. Ahal den heinean, gure eskualdeko jatorrizko euskarara hurbiltzen saiatu behar dugula. Ez duela ez hankarik eta ez bururik gipuzkoarren gisara mintzatzeak. Gauza bat dela euskara batua, eta bertze gauza bat gipuzkera (Zuazoren sailkapenean Erdialdekoa dena). Eta, euskara batuaren itsaso zabalean, nafar hitz, forma eta aldaeren aldeko hautua egin behar dugula (zokokeriatan erori gabe, betiere).
Egiten dena, euskararik onena. Horretan zalantzarik ez. Egiten ez den euskara ez baita ona. Baina, behin eginez gero, zergatik ez euskararen kalitateari erreparatu? Zergatik ez gure euskara batu grisari kolore pixka bat eman?
Euskara ikastolan jaso dugunok nahi duguna egiten ahal dugu gure euskararekin. Eta horretan ari gara batzuk. Hanka-sartzeak izanen dira, noski. Baita zailtasunak ere. Zailtasunen artean, ezjakintasuna da handiena. Inoiz, Aingeru Epaltzari irakurri genion ika-mikaren bat izan zuela bere seme-alabaren baten irakaslearekin, haurrari “bertze” ez baizik eta “beste” erabiltzeko erran ziolako. Halakoak izanen dira oraindik, ziurrenera. Horregatik, hagitz garrantzitsua litzateke denok noranzko berean tira egitea; eta gure ikasleei sistematikoki irakastea nafar aldaerez zipriztinduriko euskara, baita jatorrizko euskara galdua duten eskualdeetan ere. Ez?
[Nafarroako Hitza-n argitaraturiko artikulua, 2010eko azaroaren 26an]
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina